#M28

Xabier Otxoa, EAJko alkategaia: "Talde berri bat dugu, indartsua, gaztea, ilusioz betea"

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 20:38

Usurbilgo EAJk udal hauteskundeetarako osatu duen taldea aurkeztu du gaur arratsaldean Artzabalen. Xabier Otxoa izango da alkategaia eta alboan izan ditu aurpegi berriak nahiz aurreko legealdiko hainbat alderdikide. Denentzat izan ditu esker oneko hitzak.

Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru hauteskundeak. Kanpaina egiteko epea datorren astean zabalduko da baina alderdiak dagoeneko hasi dira euren hautagaiak eta hautes-zerrendak aurkezten. Gaurkoan EAJ-PNVren txanda izan da. Hautes-zerrendaren berri eman du Artzabalen antolatu duen ekitaldian. Jende ugari bertaratu da eta, aulkien faltan, askok zutik jarraitu behar izan dute ekitaldia.

 

"Adostasunaren, elkarlanaren eta akordioaren garaia da"

Usurbilgo EAJren udal zerrenda osoa aurkezteaz gain, Xabier Otxoak hautes-programaren ildo nagusiak eman ditu aditzera. Ivan Iriondo eta Mirari Azurmendirekin batera azaldu ditu proposamen garrantzitsuenak (bideoan duzue aurkezpen ekitaldi osoa).

Ivan Iriondok proposamen estrategikoak hartu ditu hizpide. Usurbilgo Udalak aukera asko galdu dituela esan du (ur bizien proiektua, tren geltokia, bide-gorri sarea, Haur Eskolaren doakotasuna...). "Xextran eta borrokan egon beharrean, adostasunaren, elkarlanaren eta akordioaren garaia" dela adierazi du Iriondok. Gainerako instituzioekin batera lan egiteko ordua dela azpimarratuz.

Auzoen eta herri-gunearen arteko ezberdintasunak gainditzeko hainbat proposamen ere baditu EAJ alderdiak. Mirari Azurmendik hainbat egitasmo zerrendatu ditu. Aginaga eta Txokoalde biziberritzeko adibidez, gazteei erraztasuna eman behar zaizkie, "etxebizitza sozialen sustapena erraztuz". Santuenea-Zubietako bidea egokitzearen alde agertu da, "errepidea zabalduz". Eta Aginaga-Txokoalden, "tokiko errealitatetik, bertako pertsona eta enpresekin, hazkunde autoktonorako eta jasangarrirako azterlana" egingo dutela aurreratu du. Azkenik, komunikazio publikoa indartzea proposatzen du EAJk, hirigunea eta auzoak hurbiltzeko xedez. 

 

Aukera berrien aldeko apustua, EAJren eskutik

Ekitaldia amaitu aurretik, udal hauteskundeetan  jokoan dagoena azpimarratu nahi izan du Xabier Otxoak: "Maiatzaren 28an bidegurutze batera iritsi behar gara eta Usurbilgo jendeak erabaki beharko du betiko politika grisetan, sumisioan eta konformismo horretan jarraitu ala EAJren eskutik aukera berrien aldeko apustua egin. Hori dena hautatu beharko da maiatzaren 28an". 

 

EUZKO ALDERDI JELTZALEA-PARTIDO NACIONALISTA VASCO (EAJ-PNV).

Titularrak

 1.    Xabier Otxoa Muñoz.

 2.    Ivan Iriondo Axpe.

 3.    Josune Urkola Larrarte.

 4.    Andoni Atxega San Sebastian.

 5.    Mirari Azurmendi Sorazu.

 6.    Agurtzane Egibar Artola.

 7.    Carlos Perez Fraisoli.

 8.    Mari Jose Ibargoyen Lizarazu.

 9.    Alejandra Arrieta Varela.

10.    Juan Mari Zubeldia Arrieta.

11.    Julian Beraetxe Aranburu.

12.    Lourdes Jauregiberri Goenaga.

13.    Jose Mari Zubiria Eguzkiza.

Ordezkoak.

 1.    Jose Mari Olaizola Orbegozo.