#M28

Xabier Otxoa, EAJ: "Txutxu-mutxuen aurrean, argi eta garbi esan nahi dut ni Usurbilen bizi naizela"

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 20:34

Xabier Otxoak 31 urte ditu baina ez da berria politikagintzan. Aurreko legealdian zinegotzia izan zen Aretxabaletan eta hirigintza batzordean aritu zen. Usurbila bizitzera etorri da eta maiatzaren 28an alkategai gisa aurkeztuko da Usurbilgo EAJren babesarekin. Bere formazio akademikoaz hainbat xehetasun eskaini eta gero, alderdi jeltzalearen proposamen garrantzitsuenak aletu ditu.

“Aretxabaletan jaio nintzen eta orain erabaki dut nire bizitza proiektua Usurbilen garatzea", azaldu du Artzabalgo ekitaldian. Zurrumurruen aurrean, argi utzi nahi izan du: "Ni Usurbilen bizi naiz. Azkenaldian zurrumurru bat iritsi zait, ez naizela bertan bizi dioena. Bada garaia txutxu-mutxu hori isilarazteko. Argi eta garbi esan nahi dut ni Usurbilen bizi naizela eta bertan egingo dudala nire bizitza proiektua”.

Adierazpen hauez gain, gaurko aurkezpen ekitaldi osoa jaso dugu ondoko bideoan.