Andatza Eguna

"Haurrak, oraindik garaiz zabiltzate basoa bere onera ekartzeko"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 7a, 14:28

Zirimararen familia planean parte hartu du gaurko Andatza Egunera bidean, haur eta guraso talde batek.

"Natura zaintzen ez bada, gu desagertu egingo gara. Gure bizitokia galtzen ari gara eta hori ez badugu hala gertatzea nahi, zuen haurrei laguntza eskatu. Haurrek bai baitute sen hori, helduok denborarekin galtzen duguna, entzun, ikusi eta sumatu egiten dena. Haurrak itxaropena eta etorkizuna direnez, haien laguntza beharko dugu. Horrexegatik bildu gara hemen, zuen laguntza beharko dugulako".

Ingurumena zaindu eta babesteak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute igande goiz honetan Zirimarak antolatu duen familia planean.Txokoalden hasi duten ibilaldi berezia Ixabel Agirresaroberen kontakizunak girotu du. "Ibilbidea gozatu, bazterrak ikusi, ezagutu eta gozatu", animatu ditu bertaratutakoak.  

Pista jokoaren antzera, bidean antolakuntzak jarritako eguzkiloreen bila aritu dira gaztetxoak, bizi asko. Eta eguzkiloreon bueltan zeuden hitz gako eta mezuen bila baita. Adimena jokoan jarri duten talde ekintzen bueltan ezinhobeto igaro dute Andatza igotzeko bidea. Amaieran, Marik utzitako mezua aurkitu dute. Honelaxe dio eta hala irakurri dute:

Mariren mezua
"Ongi etorriak izan zaitezte basora. Zuek, haurrak, oraindik garaiz zabiltzate basoa bere onera ekartzeko. Txokoalden hartu dituzuen zuhaitz kimu berriak zuek zarete. Etxean zaindu itzazue eta garaia denean lurrean aldatu. Ondoren, zuhaitzak ondo hazten badira ikus dezakezue basoa edertzen. Horrela gertatzen bada, zuei esker izango da."

Mari