Miren Amurizaren "Basa" liburua mintzagai gaur liburutegian, egilearekin berarekin

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 8a, 08:01

Sutegi udal liburutegiak aste honetarako antolatu duen bi solasaldietan lehenengoa gaur izango da. Hurrengoa maiatzaren 10ean; Miren Agur Meaberen "Bihotzak Dun-Dun" liburua aztertuko dute LH6koek Yolanda Arrietarekin.

"Zaharra da Altzerreka, erreka-bazter ainube batean dagoen baserria. Zaharra bertako seme Henry, urte luzez Ameriketan artzain ibilia, zangoa anputatu ziotenez geroztik ohean datzana. Zaharra da Sabina Gojenola ere, koinatu elbarria eta etxaldea egoskorkeriaz gobernatzen dituen alarguna. Seme-alabek egunerokoa erraztu nahi dioten arren, uko egiten dio modernitateari, erosotasunari, inork ezarritako arrastoan sartzeari... Behiekin, ardiekin, txakurrekin, katuekin bat egiten du ondoen Sabinak, animaliei baizik ez die gozotasunik adierazten. Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzoekin, dena liskar eta norgehiagoka. Mundu ikuskera baten akabera kontatzen digu Miren Amurizak, modu zehatz eta indartsuan, pertsonaia baten eta gizarte eredu hil-hurren baten erretratu gordin bezain fidela eskainiz, hizkuntza malguz eta estilo sendoz". 

Hortxe Miren Amurizaren "Basa" liburuaren abiapuntua. XX. Igartza Saria jasotako sorkuntza lan hau ahotan hartuko dute, astelehen honetarako, maiatzaren 8rako Sutegi udal liburutegian antolatu duten literatura solasaldian. Bertan izango da egilea bera, Amuriza.

Udaberria liburutegian
Maiatzak 8, astelehena
18:30 "Basa" liburua mintzagai izango duen literatura solasaldia Sutegi udal liburutegian, bere egile Miren Amurizarekin.

Maiatzak 10, asteazkena
18:00 Miren Agur Meaberen "Bihotzak Dun-Dun" liburua aztergai izango duen literatura solasaldia LH6ko gaztetxoekin, Yolanda Arrietak bideratua.

Maiatzak 18, osteguna
18:00 Ipuin kontaketa liburutegian HH4ko haurrentzat Miriam Mendozarekin.

Maiatzak 23, asteartea
18:00 Ipuin kontaketa HH5eko haurrentzat liburutegian, Ixabel Agirresaroberekin.

Maiatzak 25, osteguna
18:00 Ipuin kontaketa liburutegian 6 urtetik gorako haurrentzat, LH1etik aurrerakoentzat, Dorleta Kortazarrekin.

Oharra: liburuon aleak Sutegi udal liburutegian eskuragarri.
Antolatzailea: Sutegi udal liburutegia.