Eneko Furundarena Maiz, 2027ra arte Bidasoan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 9a, 10:42

2020an debutatu zuen usurbildarrak Bidasoan. 2027ra arte berritu diote kontratua Bidasoa Irun eskubaloi taldean.

Eneko Furundarena Maiz usurbildarrak 2027. urtera arte Bidasoa Irun eskubaloi taldean jokatzen segiko du. Hala jakinarazi dute azken orduotan bi aldeek. "Club Deportivo Bidasoak eta Eneko Furundarena Maiz Bidasoa Iruneko jokalariak (Usurbil, 2003/4/30) akordioa erdietsi berri dute bi aldeak lotzen dituen kontratua 2027ra arte berritzeko".

Akordio honen harira, Furundarena "oso pozik" agertu da. "Azkenean etxean nago. Oso gustura nago klubarekin. Duela urte batzuk eman zidaten aukera klubean sartzeko eta pixkanaka pisua hartzen joan naiz ekipoan. Geroz eta gusturago sentitzen naiz eta oso pozik hemen jarraitzeagatik, ilusio handiarekin".

Gurutz Aginagalde presidenteak batzordeak duela lau urte hartutako erabakiari jarraipena ematen dion berrikuntza estrategikoaren baitan kokatu du akordioa. "Harrobiko eta lurraldeko gazteekin egindako lanaren jarraipen bat da, horregatik diot estrategikoa dela eta Enekoren kasua, taldean garrantzia handia hartzen ari den jokalaria, handitzen ari den jokalaria. Zentzu horretan berri ezinhobea da guretzat".


Ibilbide oparoa
Duela ia hiru urte debutatu zuen usurbildarrak. Ordutik osatu duen ibilbidea goraipatu du klubak. "Jokalari gipuzkoarrak 2020ko irailaren 8an egin zuen debuta lehen taldearekin, oraindik jubenil mailan zegoela, Bidasoa Irunek Cangas do Morrazon jokatutako neurketan. Firgoríficos Morrazo 22-35 mendean hartu zuen, eta Furundarenak gau hartan 2 gol sartu zituen. Orduz geroztik, Plenitude ASOBAL Ligako 58 norgehiagokatan parte hartu du lehen taldearekin, eta 52 gol sartu ditu. Europako txapelketetan, 2021eko urrian egin zuen debuta, EHF European Leagueko multzo faseko Pfadi Winterthur-en aurkako neurketan (2 gol). Guztira, 25 neurketa jokatu eta 23 gol sartu ditu".

Hori gutxi ez eta, "Espainiako selekzioarekin debuta egin zuen Promesas selekzioan (15 partida, 20 gol); eta jubenil selekzioarekin neurketa bakarra jokatuta, salto egin zuen Junior selekziora (momentuz, 21 norgehiagoka, 11 gol). Bere nazioarteko ibilbidean domina batek distira berezia du, iaz Portugalen eskuratutako urrezkoa, etxeko selekzioaren aurka finala irabaziz eskuratua".