Lau greba egun deitu ditu Michelingo langileen batzordeak

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 9a, 16:45

Hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari diren honetan, ekainaren 5ean, 19an, uztailaren 10ean eta 11n greba egunak deitu ditu Michelingo langileen batzordeak. 

Hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari diren honetan, Michelingo langileen batzordean ordezkaritza duten LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI sindikatuek berri eman dute "adostasunera iritsi direla borroka honetan eman beharreko urratsei buruz". Hala, "enpresako zuzendaritzarekin irekitako Negoziazio Mahaian aldarrikapenak indartzeko beharrari erantzuteko" lau greba eta mobilizazio egun deitu dituzte ekainaren 5ean, 19an, uztailaren 10ean eta 11n.

Plataforma bateratua, erreferendum loteslea eta mobilizazioak
Hiru konpromiso adostu ditu langileen batzordeak. Batetik, "hitzarmena negoziatzeko mahaian Enpresa Batzordean adosturiko plataforma bateratua defendatzea", bereziki gai hauetan: soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; galduriko eros-ahalmena berreskuratzeko soldata igoerak; sarrera soldata aldatzea, Enpresa Batzordeko plataforman jasotako baldintzen arabera; plataformak Hileko Ordainketa Sistemari buruz jasotakoari erreparatzea, bereziki hasierako gutxieneko soldatari dagokionean.

Horrekin batera akordioetan hitza hartzea ere galdegin dute. "Atal sindikal guztiek enpresa ordezkaritzarekin akordioak lortzeko duten zilegitasuna errespetatuz, akordio horiek langileek berretsiko dituzte erreferendum loteslearen bidez". Azkenik, "atal sindikalek mobilizazio egutegi bat osatu eta adosteko konpromisoa hartu dute".

Eskakizun hauen harira mobilizazio eta greba egunok deitu dituzte. Maiatzaren 11rako hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat deitu dela ohartarazi dute.

Maiatzak 17 edota 24
Gainerako lantegi edo Zentroarteko Batzordearekin ekintzaren bat bateratzeko aukera.

Ekainak 5 eta 19 
Greba eta mobilizazio egunak.

Uztailak 10 eta 11
Greba eta mobilizazio egunak.

Ekaina/uztaila
Hilabeteotan "aktiba daitezkeen balizko txandetan prebentziozko grebarako deialdia egitea".