40. Sagardo Eguna

"Guk ere behar dugu erreleborako jendea"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 10a, 15:16

Maiatzaren 21ean ospatuko den 40. Sagardo Egunerako eta hortik aurrera, etorkizunerako ere laguntza eta errelebo eske, ondoko adierazpena plazaratu du Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak.

Badator usurbildarren jai egun kuttunena, edizio ezin borobilagoarekin; berrogeigarrenez ospatuko baita maiatzaren 21ean Sagardo Eguna. Hitzordu honi begira, antolatzaileek, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek ondoko adierazpena helarazi dute NOAUA!ra; laguntza eske, errelebo eske hain zuzen.

Laguntza eske datorren ediziorako, baina baita taldeko kide izateko ere, hurrengo urteetan herri honetan errotua dagoen Sagardo Eguna ospatzen segi dezagun. "Kontuan izan, ardatz nagusi hau gabe, ez dela sagardo egunik eta aurrera jarraitzeko jendea ezinbestekoa dela", ohartarazi dute antolatzaileek.

Sagardo Egunaren Lagunak taldean jardun nahi dutenek helbide honetara idatzi dezakete edo egungo kideekin hartuemanetan jarri: usurbilgosagardoeguna@gmail.com

Maiatzaren 21ean ezinbestekoa izango den laguntza eskaini nahi dutenek ere komunikazio bide bera erabili dezakete, edo bestela, hilaren 21ean goizeko 7:45ean plazara agertzeko deia egin dute antolatzaileek.

Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen adierazpena
Kaixo Lagunok:
Iritsi da Sagardo Eguna, XL. Usurbilgo Sagardo Eguna. Aurtengoan ere ilusioz ekin diogu antolakuntzari eta osatu dugu egitarau zein sagardotegi zerrenda polit bat, baina eguna borobila izan dadin zuen laguntza ezinbestekoa da.

35 sagardo postutik gora izango dira aurten ere, botatzaileak behar beharrezkoak dira, baina Sagardo Eguna hori baino askoz gehiago da, eta laguntza behar da. Basoak saltzeko postuetan, sukaldean, pintxoak banatzen, tiketak saltzen… urte askoz bolondres izaten dabiltzan taldeak daude, baina ezinbestekoa da hauentzat ere jende berria, erreleboa eta laguntza, hauek gabe ere ezinezkoa baita sagardo egun bat aurrera ateratzea. Beraz, botatzaile lanetan jardutea ez baduzu gustuko, edo besterik gabe, lagundu eta gauza berriak probatu nahi badituzu, beti dago toki bat zuretzat eta ANIMATU!

Horrez gain, Sagardo Egunaren Lagunak taldea gero eta txikiagoa da, 6 lagun bakarrik gaude Usurbilgo herriarentzat hain garrantzitsua den egun honen antolakuntzan. Gehienok urtetxo batzuk badaramatzagu eta guk ere behar dugu erreleborako jendea.

Honetarako ere eskua luzatu nahi diogu animatu eta antolakuntzara batu nahi duen guztiari. Kontuan izan, ardatz nagusi hau gabe, ez dela sagardo egunik eta aurrera jarraitzeko jendea ezinbestekoa dela. Hau guztia esan eta gero, ez zaigu aldez aurretik eskertzea besterik geratzen. Urtero bezala, zuen zain geratzen gara urteko egunik berezienean.

GOGORATU, ZUEK GABE, EZ DAGO SAGARDO EGUNIK!
LAISTER ARTE USURBIL
GORA USURBILGO SAGARDO EGUNA
Usurbilgo Sagardoaren lagunak