Maiatzaren 12an eta 13an

Errigoraren produktuak jaso ditugu, bilketa Udarregi ikastolan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 10a, 12:23

Heldu dira martxoan zehar eskatu zenituzten Errigoraren produktuak. Adi, NOAUA! K.E.-ren egoitzan ez, aurten Udarregi ikastolan jaso beharko dira, asteburu honetan bertan.

Banaketa modua eraginkortze aldera, gune eta ordutegi berriak finkatu ditugu aurtengoan. Hasteko, NOAUA! Kultur Elkartean ez dira banatuko martxoan zehar Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainaren baitan eskatu zenituzten produktuok, Udarregi ikastolako erakin gorriko erdiko aretoan baizik. Beste berrikuntza; bi egun finkatu ditugu banaketarako, asteburu honetan. Batetik, ostiral arratsaldea, bestetik larunbat goiza. Ordutegi honetan jaso ahalko dira Errigoraren produktuak ikastolan: maiatzaren 12an, 16:00-19:00 artean eta hilaren 13an, 11:00-13:00 artean.

9.000 eskaera baino gehiago
"Mila esker eta zorionak!". Hauxe Errigoratik udaberrikokanpaina amaitu berritan helarazi zuten mezua. 9.000 eskaeratik gora jaso ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintza eta tokiko ekoizpena sustatzea helburu duen auzolanean bideraturiko ekimenak, martxoan zehar martxan izan zuten "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainaren baitan. Gogoan izan, oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eskatzeko aukera izan zen, besteak beste Usurbilen, NOAUA! Kultur Elkartearen bidez, edota online bidez errigora.eus atarian.

Eskertza eta zorion mezua beraz, "#ESKUTIKeskura kanpainarekin bat egin dugun guztioi! Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria *ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu* izango da". 

Hazkuntza betean den egitasmoa dela azpimarratu zuen Errigorak. "Urtetik urtera handiagoa da Errigoraren komunitatearen dirdira. Baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa. Biba gu!".

Zigilu berria
"Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz". 

Bide horretan, urrats berri bat eman du Errigorak, udaberri parteko kanpaina honetan. Errigora Balioak identifikatzailea sortu eta aurkeztu berri du Errigorak. "Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatu nahian, gurekin bat egin duten Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako ekoizleekin, urteetako bide bat urratzen joan gara. Orain, Errigoraren komunitatearekiko konpromisoa sakontzeko asmoz, beste urrats bat elkarrekin ematera goaz. Errigora Balioak identifikatzailea sortu dugu horretarako".

Lau balio
Lau ardatz edo balio ditu identifikatzaile berri honek. Batetik, bertakotasuna. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua Ager zonaldeko jatorrikoa dela. Produktu bakoitzaren trazabilitatea jasota dago ekoizleak egin duen Autoebaluaziorako Adierazpen Arduratsu baten bidez".

Bigarrenik, euskara. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktua elaboratu duen ekoiztetxean euskara normalizatzeko plana garatzen ari dela. Euskararekiko konpromisoa ekoizle talde osora zabaldu da, euskara planek norberaren errealitatearen arabera erritmo eta garapen ezberdina badute ere".

Hirugarrenik, auzolana. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuak elaboratu duen ekoizlea Errigorak antolatzen dituen auzolanetako partaide dela. Errigoraren auzolana era ezberdinetara gauzatzen da urtean zehar: kanpainetan banatzen diren saskiak osatu, bisitak, hitzaldiak...".

Nekazariarekiko harremana da identifikatzaile berri honen laugarren Errigora Balioa. "Identifikatzaileak ziurtatzen du produktuaren ekoizpenean erabiltzen den osagai nagusia landu duen nekazariarekiko harremana bidezkoa izan dela. Nekazariak ez diren ekoizleek euren produktuak elaboratzeko nekazari jakinei erosten diete lehengaia. Bitartekaritzarik gabe, gertuko eta elkarlaneko logikak nagusitzen dira harreman hauetan".