Ostegun gauerdi honetan abiatuko da ofizialki datozen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako kanpaina. Bi astez, hilaren 26ra arte eragile politikoek herritarren bozka eskatzeko aukera izango dute. Momentuz, ekitaldi bakarra dago iragarria; Usurbilgo EHBildurena, astebete barru, maiatzaren 19an, 18:30etan Dema plazan. Usurbilgo Udalak, ohi bezala, eragile politikoek kanpaina egiteko panelak jarri dituzte herri erdigunean eta auzoetan.
Gogoan izan, Donostiako Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak ekitaldiak egiteko baimendutako tokien zerrenda kaleratu zuen apirilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Usurbili dagokionez hain zuzen, bosna lokal eta kaleko beste hainbeste gune baimendu dira eragile politikoen kanpainako ekimenetarako. Lokalei dagokienean, Sutegi, Santuenea eta Aginagako udal lokalak, Potxoenea eta Artzabalgo aretoan antolatu ahalko dira ekitaldiok. Plaza publikoari dagokionean, baita Kaxkoko, Aginagako, Zubietako eta Santueneko frontoietan edota Askatasuna enparantzan.
Zubietan hautagaiak aurkezteko epea itxita
Udal eta foru hauteskundeekin batera, Herri Batzarra berritzeko hauteskunde eguna izango dute maiatzaren 28an Zubietan. Atzo, hilaren 10ean amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea. Ostegun honetan, maiatzaren 11n aldarrikatuko dituzte Usurbil nahiz Donostia aldetik aurkezturiko hautagaiak. Egin dute baita mahaia osatzeko zozketa. Gogoan izan, aurten, orain arte ez bezala Alamandegin ez, Kaxkapera joan beharko da bozkatzera hilaren 28an. Aurretiaz bozkatzeko aukera ere eskainiko du Usurbilgo Udalak Zubietan Usurbil aldean bizi direnentzat; hilaren 22an, 8:00-14:30 artean.
Posta bidezko bozka
Modu honetan bozkatu nahi duenak eskabidea aurkezteko epea zabalik segiko du maiatzaren 18ra arte. "INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) webgunean edo Correosen eskuragarri dagoen inprimaki bat erabiliz. Bi kasuetan, betetako inprimakia Correoseko edozein bulegotan aurkeztu beharko da. Posta-zerbitzuko funtzionarioek nortasuna egiaztatzen duen jatorrizko agiria erakusteko eskatuko diete, eta sinadura bat datorrela egiaztatuko dute".
Jada tramitazio hau regina dutenek, egunotan, hilaren 21a baino lehen jaso ditzake posta bidez bozkatzeko dokumentazioa eta jarraibideak. Dagoeneko hautesleek mahaiari posta bidezko botoa "posta ziurtatu bidez" bidaltzeko epea ere zabalik dago, maiatzaren 24ra arte.
Zerrendak
Apirilaren 26an eman zituzten ezagutzera udal eta foru hauteskundeotara aurkeztu diren hautagaien zerrendak. Lau alderdi aurkeztu dira Usurbilgo udal hauteskundeetara: EHBildu, EAJ, PSE eta PP. Gipuzkoako Batzar Nagusiak berrituko dituzten foru hauteskundeetara, aldiz, zazpi zerrenden artean hautatu ahalko dute usurbildarrek: EH Bildu, PP, PSE, EAJ, Elkarrekin Podemos+Ezker Anitza+Berdeak Equo+Alianza Verde, Aulki Zuriak eta Stop.