Ekainaren 4ra atzeratu dute Ezkeltzuko irteera

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 11a, 18:46

Larunbat goizean euria gogotik egingo duela iragarria dago. Ondorioz, maiatzaren 13an Usurbildik eta Zizurkildik Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak antolatua zuen irteera ekainaren 4ra atzeratzea erabaki du.

Gogotik egingo du euria datozen egunotan, baita maiatzaren 13an ere. Horregatik, larunbat goiz horretarako Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak antolatua zuen txangoa atzeratzea erabaki du, ekainaren 4ra hain zuzen. Datorren hilean, lehen igandean egingo da beraz, aipatu txango hau.

2022ko otsailean izan genuen Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren berri. Egitasmo hau hurbiletik ezagutzeko aukera izango da, Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak ekainaren 4an antolatu duen txangoan. “Zizurkilgo Ezkeltzu mendian zentral eolikoa eraikitzeko ekimena aurkeztu du Green Capital enpresak. Inguru zoragarri hori ezagutzeko irteera antolatu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak”. Zutabe bana abiatuko da Usurbildik eta Zizurkildik. “Hegaztiei, landareei eta ondare arkeologikoari buruzko azalpenak” eskainiko dituzte.

Aurrez aipatu bilgunetik adierazi izan dutenez, "txikizioa, energia berdearen izenean". Hala definitu du Andatza-Ezkeltzu Bizirik plataformak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren proiektua. "Green Capital enpresak Ezkeltzu inguruan parke eoliko bat eraikitzeko ekimena aurkeztu du. Ia 200 metroko altuerako errota erraldoiak eta errepide zabalak jasotzen ditu proiektuak", gogorarazi du aipatu herri plataformak.  

Ekainak 4, igandea
9:00
Usurbilgo plazan.
9:30 Zizurkilgo PM Otaño plazan.
10:00 Ezkeltzuko magalean (Zizurkil aldetik).
Ondoren, hamaiketakoa.

Antolatzailea: Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkartea.