Euriak baldintzaturiko egunak errepideetan eta herrigintzan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 12a, 09:13

Eguraldiak errepideetan eta datozen egunotarako iragarritako ekintzetan eragingo du.

Gogotik ari du euria atzotik eta ez du atertzeko itxura handirik. Eragina jada nabarmentzen hasia da, adibidez, errepideetan. Hala berri ematen ari da Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritza. A8 autopistan istripua gertatu berri da ostiral goizeko 8:50 aldera errepide horretako 32. kilometroan Aginaga parean, Irungo noranzkoan. Ordu erdi lehenago, 8:10 aldera, errepide berean, Aritzetatik gertu, Irungo noranzkoan baita, GI20 errepideko 13. kilometroan beste istripu bat izan da. Antza, bi ibilgailuren artean, batak bestea atzetik jo du eta trafikoa motel zebilen ezbeharra jazo berritan.

Arazo dezente daude errepideetan. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik bidera atera behar izanez gero, kontuz ibiltzea eskatu du. "Ur putzu ugari daude galtzadetan", ohartarazi du.

Itxiera
Errepideei lotutako azken oharra. Ezinbestean euripean abiatu eta jokatuko da asteburuan emakumezkoen txirrindularien Itzulia. Hirugarren eta azken etapak udalerri hau zeharkatuko du igandean, maiatzaren 14an, Aginagatik Usurbilera, N634 errepidetik barrena. 18:40 aldera izango da. Ondorioz, 18:00-19:30 artean errepide horretan eragingo du Itzuliak. Lasterketa igarotzerakoan bide hau itxi egingo dute.

Aldaketak herrigintzan
Bestalde, asteburu honetarako hainbat ekitaldi daude antolatuak Usurbilen. Haietako zenbait hitzordu aterpean zeuden iragarriak, beraz, bere horretan, aldaketarik gabe egingo dira. Baina badira euriagatik egokitu behar izan dituzten ekitaldiak ere. Batetik, larunbat goizerako Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren eremua ezagutzeko antolatua zuten txangoa ekainaren 4ra atzeratu behar izan dute.

Bestalde, Jexux Artze K.E.-k antolatuta gaur abiatuko den 2. Txalaparta Festaren baitan, larunbaterako bi ekitaldi daude iragarriak; batetik, goizean herri-erromeria. Mikel Laboa plazan egitekoa zuten arren, antolakuntzak jakinarazi duenez, Askatasuna plazan egingo da. Bihar arratsaldeko 18:00etan iragarriak dituzte baita Potxoenea ondoko Olanoenea plazatik abiatuta txalaparta emanaldiak herriko hainbat txokotan. Aterpe beharra izango du baita hitzordu honek.

Biharamunean, igandean, San Ixidro Eguna iragarria dago. Hainbat ekitaldi Dema plazan egitekoak dituzte baina hurbil dagoen frontoia baliatu beharrean aurkituko dira antolatzaileak.

Euria barra-barra
Egunotarako eguraldi iragarpena hain zuzen, argia da. Euria etengabe egin dezakeela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Gaur, maiatzak 12, Usurbilen "zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparradak botako ditu, sarriago eta ugariago egunaren lehen partean; orduan trumoitsuak izan daitezke. Goizaldean mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da eta gainerako orduetan ipar-mendebaldetik finkatuko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

Larunbatean, hilaren 13an ere, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorren batekin. Tenperaturan aldaketarik ez". Etzi, igandean, aldaketa handirik ez. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, bereziki egunaren lehenengo partean. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, eta sarriago botako ditu eta ugariagoak izango dira egunaren lehenengo partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus