Zaintza Greba feministarantz

Datorren greba feminista antolatzeko Kafe Tertuliaren bilkura larunbatean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 12a, 09:52

Zaintza eskubide kolektiboaren alde Euskal Herriko mugimendu feministak deitua duen greba feminista orokorra antolatzen hasteko lehen bilera deitu du Kafe Tertuliak larunbat honetan, maiatzaren 13an.

Aurtengo Martxoaren 8an, zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokor baterako prozesua abiarazi zuela berri eman zuen Euskal Herriko mugimendu feministak, "Denon Bizitzak Erdigunean" aldarriaren bueltan. "Prozesu partekatu bati ekin nahi diogu, herriz herri eta auzoz auzo antolatuz", iragarri zuten aipaturiko mugimendutik. Aliantzak eta proposamenak herri mugimendu eta eragile sozial zein sindikalekin bateratzeko nahia agertu zuten. 

Testuinguru horretan, "udazkenean egingo den Zaintza Grebaren bueltan" bilkura antolatu du Kafe Tertulia, Usurbilgo neska* gazteen talde feministak. Martxoaren 8ra begira egin zuten moduan, oraingoan ere "adin ezberdinetako emakumeok* biltzea eta denon artean Greba Feminista Orokorrerako antolatzea izango dugu helburu". Hitzordua, maiatzaren 13rako finkatu dute, larunbat goizeko hamaiketan Potxoenean. "Denon indarrak batzea beharrezkoa delako, animatu eta gerturatu! Gora borroka feminista!", egin dute gonbita.

"Denon Bizitzak Erdigunean"
Aipatu moduan, aldarri honi lotutako prozesuaren abiapuntua izan zen iragan Martxoaren 8a. "Denon Bizitzak Erdigunean prosezuaren lehen mugarria izan da. Zaintza iraultzearen beharretik oihukatu genuen Euskal Herriko txoko desberdinetatik. Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde, eta denon bizitzak erdigunean jartzeko asmoz, greba feminista orokorrerantz goaz!", iragarri zuten. Bide horretan, "oinarrizko eskubideen murrizketen aurrean eta gure gorputzen esplotazioari esker sortzen eta erreproduzitzen den sistema honen aurrean, Euskal Herriko mugimendu feministatik borroka artikulatu bat planteatzen dugu gaurtik aurrera greba feminista orokor baterantz!".

Prozesu betean dira ordutik. "Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu apustu, hau da, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak baldintza duinetan eta konpromisotik emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde". Herrialde mailako bileren ondotik, asanblada feminista nazionala egin zuen Euskal Herriko mugimendu feministak apirilaren 23an Gasteizen. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik joandako 200 kide baino gehiagoko hitzorduan, "herri akordioaren bueltan, greba feminista orokorra ezaugarrituz, korapiloak mahai gaineratu eta markatutako erronken bideorria marrazten jarraitu dugu".

Prozesu hau aurrerabidean dela, Usurbilen hau guztia kokatzeko, greba feminista orokorra antolatzen hasteko lehen bilera deitu du Kafe Tertuliak maiatzaren 13rako.

Baterajotzea
Testuinguru honetan ere,  gogoan izan; Euskal Herriko Neska* Gazteek greba feminista orokorraren aurretik, "Utopiak lehertzeraino, neska* gazteok baterajotzera!" deitu dituzte urriaren 13tik 15era Usurbilen. Apirilaren 18an egin zuten ekimenaren jendaurreko aurkezpena Mikel Laboa plazan.

"Jada hasi gara grebaren antolaketan auzo eta herrietan. Ordea, jakin badakigu, gazteok beharrezko dugula antolaketa propio bat ere, gure behar eta proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera zabaldu dezagun eta iritzi sortzaile izan gaitezen. Indartsu gaude eta espazio propioak behar ditugu. Horregatik, grebaren aurretik Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu, Baterajotze berri batera goaz. Dugun potentzialtasuna artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko Usurbilen elkartuko gara urriaren 13, 14 eta 15ean".