Igandean berriz abisu horian

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 13a, 12:35

Prezipitazio handiagatik abisu horian izan gara larunbateko lehen orduetan. Igande goizaldetik arratsaldera ere egoera berean egongo garela ohartarazi du Euskalmet-ek.

Azken aldi luzean ez bezala, gogotik ari du euria egunotan. Goizaldeko 3:00etatik gainera, prezipitazio handiagatik abisu horian izan gara eta hala segi dugu larunbat eguerdira arte. Igande goizaldean berriz jarriko dute indarrean abisu horia arrazoi berberagatik. Maiatzaren 14an, beraz, goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara berriz. "Zaparra erdainak botako ditu. Zenbait lekutan zaparradak handiak izan daitezke eta ekaitzak jo dezake", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Giro honetan, Usurbilen, gaur "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira". Aldaketa handirik ez biharko. Igandean "goibel eta euritsu. Egunaren lehenengo partean zaparradak sarri botako ditu. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira". Astelehenean, "egunaren erdiko orduetan eta arratsaldean giroa goibela eta euritsua izango da. Goizean goiz mendebaldeko haizea ibiliko da; eguerdian ipar-mendebaldetik finkatu eta indartu egingo da. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus

Aldaketak herrigintzan
Giro euritsu honek asteburuko zenbait hitzordu baldintzatu ditu. Batetik, larunbat goiz honetarako Andatza-Ezkeltzu Bizirik! elkarteak Ezkeltzun eraiki nahi duten parke eolikoaren eremua ezagutzeko antolatua zuten txangoa ekainaren 4ra atzeratu behar izan dute.

Bestalde, Jexux Artze K.E.-k antolatuta gaur abiatuko den 2. Txalaparta Festaren baitan, gaurko bi ekitaldi daude iragarriak; batetik, goizean herri-erromeria. Mikel Laboa plazan egitekoa zuten arren, antolakuntzak jakinarazi duenez, Askatasuna plazan egingo da. Bihar arratsaldeko 18:00etan iragarriak dituzte baita Potxoenea ondoko Olanoenea plazatik abiatuta txalaparta emanaldiak herriko hainbat txokotan. Aterpe beharra izango du baita hitzordu honek.

Igandean, San Ixidro Eguna iragarria dago. Hainbat ekitaldi Dema plazan egitekoak dituzte baina hurbil dagoen frontoia baliatu beharrean aurkituko dira antolatzaileak.