Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizatzeko deia egin du larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Usurbildik gertuen Donostian, eguerdiko 12:00etan Alderdi Ederretik abiatuko da manifestazioa. Penintsulako hainbat herri eta erkidegoetako pentsiodunen plataformek ere mobilizatzera deitu dute gaur. Haiekin guztiekin antolatutako ekimen bateratua da baita Hego Euskal Herrikoa. "Pentsiodunen erreformaren bigarren zatiari buruzko Errege Lege Dekretua salatzea du helburu. Era berean, Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei eskatzea Diputatuen Kongresuan Lege Dekretuaren tramitazioa aprobetxa dezatela berehalako gutxieneko pentsioa ezartzeko, aurtengo urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioekin, 1.080 euro eta 14 ordainsaritan".
Ez da, ordea, asteotarako deitu duten mobilizazio egun bakarra izango. Abian jarri berri den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen kanpainako azken txanpan, hilaren 25ean, pentsiodunen mugimenduak manifestazioa egingo du Gasteizen, Legebiltzarraren atarian, "Lakuako Gobernuari eta Gasteizko Legebiltzarreko partaide diren alderdi politiko guztiei gutxieneko pentsioa 1.080 eurora osatzea eskatzeko". Hara joateko Gipuzkoatik autobus zerbitzua antolatu asmo dute. "Gutxienez sei autobus osatzea lortu behar dugu gure eskaera ozen entzun dezaten Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarra osatzen duten legebiltzar-taldeek". Aurreratu dutenez, 8:30-9:00 aldera irtengo dira autobusok eta Gasteiztik 13:00ak aldera izango da itzulera. Maiatzaren 18a baino lehen eman beharko da izena, 10 euro ordainduta.
Gasteizko mobilizazio horretara, gainera, oinezko martxak antolatu ditu pentsiodunen mugimenduak Gipuzkoatik eta Bizkaitik. Arabako hiriburuko auzoetatik ere bi zutabe osatu asmo dituzte. Zutabe guztiok bat egingo dute Gasteizko Plaza Berrian 11:00etan. Oinezko martxa hauetan izena emateko maiatzaren 15era arteko epea finkatu dute.
Gipuzkoako etapak honako hauek izango dira:
-Maiatzaren 22an: Bergara-Eskoriatza, 15 kilometro.
-Maiatzaren 23an: Eskoriatza-Landa (Araba), 12 kilometro.
-Maiatzaren 24an: Landa-Durana (Araba), 12 kilometro.
-Maiatzaren 25ean: Durana-Plaza Berria, 7 kilometro.