#M28

Hauteskunde kanpaina betean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 13a, 10:38

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei begirako kanpainari ekin diote Usurbilen ere.

Herritarron bozka eskatzen hasiak dira eragile politikoak. Gogoan izan, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei begirako kanpaina betean gara ostegun gauerdiaz geroztik. Udalak ohi bezala, Usurbilgo herri eta auzoetan kokatu dituen panelak deialdi honetan lehiatuko diren eragileen mezuez betetzen hasiak dira.

EAJ-k egin bezala, EHBildu ere kartelak itsasten aritu zen ostiral arratsaldean. Koalizioko kideak, tartean hautagaien zerrendako ordezkariak ziren baita, kalejira batekin aritu ziren zeregin honetan. EHBilduk, gainera, hauteskunde kanpaina honetako ekitaldia deitu du hurrengo ostiralerako, maiatzaren 19rako arratsaldeko 18:30etan Dema plazan.

Gogoan izan, maiatzaren 26an amaituko da ofizialki hauteskunde kanpaina. Biharamuneko hausnarketa egunaren ondotik, hilaren 28an izango da bozketa eguna, goizeko 9:00etan hasi eta arratsaldeko 20:00ak arte.

Zerrendak
Apirilaren 26an eman zituzten ezagutzera udal eta foru hauteskundeotara aurkeztu diren hautagaien zerrendak. Lau alderdi aurkeztu dira Usurbilgo udal hauteskundeetara: EHBildu, EAJ, PSE eta PP. Gipuzkoako Batzar Nagusiak berrituko dituzten foru hauteskundeetara, aldiz, zazpi zerrenden artean hautatu ahalko dute usurbildarrek: EH Bildu, PP, PSE, EAJ, Elkarrekin Podemos+Ezker Anitza+Berdeak Equo+Alianza Verde, Aulki Zuriak eta Stop.

Posta bidezko bozka
Modu honetan bozkatu nahi duenak eskabidea aurkezteko epea zabalik segiko du maiatzaren 18ra arte. "INEren (Estatistikako Institutu Nazionala) webgunean edo Correosen eskuragarri dagoen inprimaki bat erabiliz. Bi kasuetan, betetako inprimakia Correoseko edozein bulegotan aurkeztu beharko da. Posta-zerbitzuko funtzionarioek nortasuna egiaztatzen duen jatorrizko agiria erakusteko eskatuko diete, eta sinadura bat datorrela egiaztatuko dute".  

Jada tramitazio hau regina dutenek, egunotan, hilaren 21a baino lehen jaso ditzake posta bidez bozkatzeko dokumentazioa eta jarraibideak. Dagoeneko hautesleek mahaiari posta bidezko botoa "posta ziurtatu bidez" bidaltzeko epea ere zabalik dago, maiatzaren 24ra arte.