2. Txalaparta Festa

Txalaize kontzertuak ikus-entzuleak liluratu ditu

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 13a, 13:49

Txalaize kontzertu berezia eskaini zuten ostiral arratsaldean Salbatore elizan, 2. Txalaparta Festaren baitan.

Txalaparta festa betean gara asteburu honetan Usurbilen. Jexux Artze kultur elkartekoen eskutik, Zumarte Musika Eskolakoekin batera kontzertu berezi baten lekuko izan ginen ostiral arratsaldean Salbatore elizan. Txalaize izena jarri zioten emanaldia eskaini zuten KIMU txalaparta taldeak, Mixel Etxekoparek (ahotsa eta haizezko musika tresna tradizionalak) eta Jesus Martin Morok (organoa). 

"Gertakari berri baten" aurrean ginela azaldu zuten emanaldi hasieran eta halaxe izan zen. Fusio berezia izan zen, txalaparta eta organoa, haizezko instrumentuekin eta Mixel Etxekoparen ahotsarekin uztartzea. Elizara joandakoak liluratu zituzten. Kontzertuko zenbait pasarte dituzue albiste honi atxikitako irudiotan.

Adi, oraindik ez baita Txalaparta Festaren bigarren edizioa amaitu:


Usurbilgo 2. Txalaparta Festa: Jexux Artze gogoan
Maiatzak 13, larunbata
18:00 Kontzertuak herriko hainbat txokotan, Olanoenea plazatik hasita:
Usurbilgo txalapartariak.
TXOTX Txalaparta taldea.
Zigoitiako Txalapartariak.
BIOTX. 

Maiatzak 14, igandea
19:00 "Bide bazterrean Hi eta Ni kantari" Peru Galbeteren laburmetraia Sutegiko auditorioan.
Ondoren,
kontzertua.
Sarrerak: 5€ (usurbilkultura.eus edo Noaua!ren egoitzan) edo usurbilkultura.eus plataforman.
Zehaztasunak: "Peru Galbetek Joxan Artzeren hitzen oihartzunean sortu du 'Bide bazterrean hi eta ni kantari' film laburra. Punto de vista jaialdian estreinatu zuen martxoan. “Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina.”  Laburmetraiaren proiekzioaren aurretik, kontzertua eskainiko du Peruk.

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E., NOAUA! K.E., Zumarte, Usurbilgo Udala, Saizar.