NOAUA! ‘Bide bazterrean Hi eta Ni kantari’ dokumentala aurkeztu berri duzu. Joxan Artzeren poesia dago filmaren oinarrian. Noiz sortu zitzaizun dokumental hau egiteko ideia eta zer da, funtsean, lan honen bitartez azaldu nahi izan duzuna?
Peru Galbete: Dokumental honen ideia aspalditik neukan buruan. Ez nekien zer nolako forma hartuko zuen, baina buruan nuen bueltaka. Joxan ezagutu nuenean eta bere poesia irakurri nuenean sortu zitzaidan zerbait egiteko gogoa. Usurbilen bizi nintzenean, behin baino gehiagotan aipatu nion zerbait egiteko asmoa. Ez nuen oso argi nondik jo, eta elkarrizketa bat grabatzeko proposamena luzatu nion. Oso gustura hartu ninduen baina elkarrizketarena ez zuela ikusten erantzun zidan. Lauzpabost aldiz proposatu nion baina ezetz erantzun zidan guztietan. Poemekin eta liburuekin beti lotu samar zebilela, denborarik gabe... Gerora konturatu naiz ez zuela bere burua ezagutarazi nahi, bere obra baizik. Ezezkoen aurrean, dokumentalaren ideia baztertu egin nuen bolada batez, baina hil zenean berriro heldu nion gaiari. Bere obra oso zabala da, film bat baino gehiago egin daitezke. Baina eskura ditudan
bitartekoekin hau osatu dut. Joxean Artzeren audio-poesia batzuekin egindako lan txiki bat da ‘Bide bazterrean Hi eta Ni kantari’, 10 minutuko film labur bat. Lan honek ez du Artzeren obra guztia islatzeko anbiziorik. Bere poesia eta bere ikuspuntua ageri dira eta hori dena nire ikuspuntuarekin uztartu nahi izan dut.
Sormen lan bat da ala miresten zenuen idazle bati eginiko omenaldi bat?
Hilda dagoen pertsona baten inguruan egiten duzun edozer, nahi gabe ere, omenaldi batean bilakatzen da. Hori hala da. Baina ez zen nire lehen intentzioa. Nire esker ona adierazteko modu bat den arren, sormen lan gist planteatu dut hasieratik. Bere liburu baten izenburutik abiatu nintzen, "Bide bazterrean Hi eta Ni kantari". Bere poemetan maiz plateau zen hartzailearekiko hartuemana, eta hori landu nahi izan dut. Ni bere poesiaren hartzailea naiz baina dokumental honen bitartez hirugarren elementu bat sartzen da jokoan, ikuslea. Hiruren arteko kontra da orain, idazlearen eta ikuslearen artean ni nagoelako.
"Poesiarekin besa, soinuarekin ere demente esperimentatu zuen"
NOAUA! Film hau osatzeko Joxan Artzeren audio batzuk baliatu dituzu. Hortaz, bere poesia da filmeko elementu garrantzitsuena, ezta?
Peru Galbete: Bere lanak pisu handia dauka dokumentalean. Poesia liburuak plazaratzeaz gain, soinuarekin dezente esperimentatu zuen. Bizpahiru disko liburu plazaratu zituen eta argitalpen horietan soinu ezberdinak eta bere errezitaldiak uztartu zituen. Disko horiek artelanak dira, bere horretan. Lan horiek deskubritu nituenean ikusi nuen hor egon zitekeela film bat garatzeko bide bat.
Joxean Artzek esperimentaziora jo zuen maiz. Ez dakit horrelakorik topatuko ote dugun film labur honetan.
Bai, bai. Saiatu naiz Artzeren kutsu hori jasotzen eta horri nirea gehitzen. Ez da ohiko dokumental bat; ez ditut bere audio-poesiak irudiz osatu. Niretik ere ematen saiatu naiz. Bizitza osoan zehar grabatzen joan naizen irudiak baliatu ditut eta baita nire aitaren artxiboko irudiak ere. Irudien aukeraketan denbora asko eman dut.
“Artzerekin ikasi nuen bazegoela eguneroko hitzekin gauza sakonak esateko modu bat”
NOAUA! ‘Ura sartu zen barrura’ (2020) dokumentalean bezala, lan honetan ere zure aitaren artxiboko irudiak baliatu dituzu. Berriro ere zure iragan emozionalera itzuli zarela esan al daiteke?
Peru Galbete: Ez dut horri buruz asko pentsatu, baina hala izango da. Hasteko, iraganeko artxiboarekin lan egitea deskubrimendu handi bat izan da niretzat. Argazki zuzendaritza ikasi nuenean, astebururo laburmetraia bat grabatzen genuen. Asko grabatu dut nire bizitzan eta zerbait berria grabatu aurretik, zergatik ez erabili artxiboko zerbait? Artxibo pertsonalaren kasuan, garai bateko eta egungo gauza asko nahasten dira. Eta aldi berean, ikusentzunezko lan batean uztartu daitezke batzuk eta besteak. Joko hori oso interesantea izan daiteke. Karga emozional handia du, bestalde. Zuretzat pertsonalki oso berezkoa den horri zentzu bat bilatzea, jendea horrekin identifikatu dadin. Hortxe dago erronka. Denok
dugu haurtzaroaren inguruko iruditeria bat eta artxiboko argazkiek iruditeria horrekin konektatzen laguntzen dute.
Artzerekiko zaletasuna aipatu izan duzu behin baino gehiagotan. Zein izan da poeta usurbildarrak zugan utzi duen arrasto artistiko edota poetiko garrantzitsuena?
Askotan galdetzen didate zeintzuk diren nire erreferentziak eta horrelakoetan ez dakit zer erantzun. Izenik aipatu beharko banu, Artze izango zen horietako bat. Oso erraz konektatu nuen bere poesiarekin, agian ez zelako oso konplexua. Derrepentean deskubritu nuen bazegoela eguneroko hitzekin gauza sakonak eta garrantzitsuak esateko modu bat. Hortik heldu zidan fuerte eta horregatik, idazteko eta kantak egiteko moduan, esango nuke Artzek eragina izan duela nigan.
‘Bide bazterrean Hi eta Ni kantari’ Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian aurkeztu zenuen. Orain gutxi, Dock of the Bay Donostiako musika-dokumentalen jaialdian eskaini dute. Zer nolako harrera izan du filmak?
Oso ona. Niretzako garrantzitsua zen dokumentala kaleratzea. Lan asko bazterrean geratzen dira, argirik ikusi gabe. Film honek ere arrisku hori zuen, baina Punto de Vista jaialdikoek aurtengo ediziorako hautatu zuten eta horri esker plazaratu ahal izan dut. Bi jaialdietan harrera ona izan du eta pozik nago jendearengana iristen hasi delako.
Sutegin ikusi ahal izango dugu igande honetan, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta NOAUAk elkarlanean antolatutako ekitaldi batean. Zuretzat berezia izango da etxean aurkeztu ahal izatea, ezta?
Lan hau Usurbilen eskaintzeko aukera izatea garrantzitsua zen niretzat. Ez naiz hemen bizi orain, baina lotura estua dut herriarekin. Jexux Artze Kultur Elkarteak eta NOAUAk elkarlanean antolatutako ekitaldi bat izango da eta horregatik ere oso pozik nago. Gainera, beste festibaletan ez dut dokumentalaz lasai hitz egiteko aukerarik izan, eta igande honetan Sutegin, aukera polita izango dugu horretarako.
Igandean saio bikoitza eskainiko duzu. Film laburraren proiekzioaren aurretik ‘Uraren oldea’ kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugulako. Nolakoa izango da kontzertua?
‘Uraren oldea’ kontzertu musikal-bisual bat da. Zuzeneko soinuaz gain, irudiak ere eskaintzen ditugu. Eta une batzuetan, musika irudira moldatzen da eta beste batzuetan irudia musikara.