2. Txalaparta Festa

Txalaparta emanaldi ibiltarian, modu eta doinu ezberdinetara bidaia

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 14a, 11:48

2. Txalaparta Festa herrian barrena hedatu zuen emanaldi ibiltaria antolatu zuen Jexux Artze K.E.-k.

Txalaparta festa ibiltarian bilakatu zuten larunbat arratsaldean. Jexux Artze Kultur Elkartekoen eskutik, txalaparta doinu eta instrumentu forma ezberdinetan entzungai izan genuen; material ezberdinez eginiko xafla edota bestelakoetan, tamaina ezberdinetako makilekin jotzen...

Txalapartaren ttakuna bere horretan duen indarra entzungai izan genuen une batzuetan, besteetan txalapartariak abesten aritu ziren. Nazioartean ezagunak diren kantak bidelagun, haien erritmora txalaparta jotzen ere aritu ziren. Usurbilgo txalaparta eskolako kideek hasi zuten emanaldi ibiltari hau, baina segida eman zioten Arabako Zigoitiatik, Bizkaitik nahiz eskualdetik etorritako bikoteek, Txotx eta Biotx taldeek.

Herrian barrena
Ttakun hotsa herrian barrena hedatu zuten, hein handi batean ateri eutsi zion arratsalde osoan. Potxoenea ondoko Olanoenea plazatxotik hasi eta kalejiran joan ziren gero Mikel Laboa plazara. 50 urte bete dituen Zumetaren muralaren pareko saiotik, Artzabalera jo zuten eta handik bueltan frontoian amaitu zen emanaldi ibiltari eder hau.

Igande honetan, 2. Txalaparta Festaren baitako azken hitzordua Sutegin; Peru Galbeteren kontzertua eta Joxan Artzeri eskainitako film laburra ikusi eta entzuteko aukera kultur-etxeko auditorioan, Jexux Artze K.E. eta NOAUA! K.E.-ren eskutik.


Usurbilgo 2. Txalaparta Festa: Jexux Artze gogoan
Maiatzak 14, igandea
19:00 "Bide bazterrean Hi eta Ni kantari" Peru Galbeteren laburmetraia Sutegiko auditorioan.
Ondoren,
kontzertua.
Sarrerak: 5€ usurbilkultura.eus plataforman.
Zehaztasunak: "Peru Galbetek Joxan Artzeren hitzen oihartzunean sortu du 'Bide bazterrean hi eta ni kantari' film laburra. Punto de vista jaialdian estreinatu zuen martxoan. “Joxean Artzeren poemak entzun eta irakurtzen ditugu film honetan. Film hau poema ere bada. Poema laburra, poemaz, soinuz, iraganeko irudiz eta oraingo irudiz egina.”  Laburmetraiaren proiekzioaren aurretik, kontzertua eskainiko du Peruk.

Antolatzaileak: Jexux Artze K.E., NOAUA! K.E., Zumarte, Usurbilgo Udala, Saizar.