San Ixidro Eguna

Aizkolari belaunaldi berria, lehia bizian

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 14a, 16:30

Bertsolariek giroturiko aizkolari gazteen arteko lehia bizia ekarri du San Ixidro Egun aurreratu honek.

Euripean, negu giroan doakigu San Ixidro Egun aurreratu hau. Izatez, bihar izango ditu maiatzak 15. Astelehenean izango da ofizialki baserritarren eguna. Alkartasuna Kooperatibak, ordea, bezpera honetara aurreratu ditu ospakizunak aurtengoan. Hamaiketako goxoa banatzearekin batera, besteak beste, aizkolari belaunaldi berriak plazaraturiko lehia biziaz gozatu ahal izan dute Dema plazan ospatu ezin eta frontoira joan direnei.

Harmailak goraino bete ditu Igoin Pikabea ereñotzuarrak eta Unai Etxebarriak eskainitako erakustaldiak. Bi proba egin dituzte eta bietan, zazpi segunduko tartearekin nagusitu da Etxebarria. Bien ahalegina ordea itzela izan da hitzordu osoan zehar. Txalo zaparrada jaso dute aizkolari gazteok, baita bertsolarien babesa ere.

Goiz parteko herri kirolen saioa Ane Labaka eta Sebastian Lizaso bertsolariek girotu dute. Biak ala biak aste honetan bigarrenez izan dira Usurbilen, Labakak bertsoetako batean oroitarazi duen moduan. Asteazkenean Puntapax Eguneko Zentroan eskaini zuten emanaldi berezia, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk sustaturiko "Adin Adin" egitasmoaren baitan.

Aizkolari gazteen arteko lehia
1. saioa, 43,5 ontzako enborra ebakitzea:
Unai Etxebarria: 1:09.
Igoin Pikabea: 1:16.

2. saioa, 45 ontzako sei enbor ebakitzea:
Unai Etxebarria: 14:07.
Igoin Pikabea: 14:14.