Odol-ematea gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 15a, 07:58

Maiatzaren lehen eguneko jai eguna tarteko, ohi baino bi aste beranduago, odol-ematea gaur Udarregi ikastolan.

Izatez, bi hilean behin lehen astelehenetan antolatzen du Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak hitzordu hau. Oraingoan, ordea, jai eguna egokitu zen egun hartan eta bi astez atzeratu zuten odol-ematea. Gaur arte, maiatzaren 15era arte hain zuzen. Astelehen honetan, 16:30-20:30 artean eman ahalko da odola Udarregi ikastolan. Ohi bezala, aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola eman asmo dutenek 943 007 884 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Plasma ere emateko deia
Odolarekin batera, plasma emateko eskatzen hasiak dira. "Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".

Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".

Maiatzak 15, astelehena
16:30-20:30
Odol-ematea Udarregi ikastolako erdiko aretoan.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus