Seaskako ikastolen jai egun handia behar zuena bezperako uholdeek zapuztu dute aurten. Ondorioz, gune bakar batean baino ezin izan zuten ospatu atzo Herri Urrats jaialdia. Antolatzaileek hain zuzen, ekimena bertan behera utzi ordez, askoz modu mugatuagoan baina egitea erabaki zuten azkenean eta bertara joateko deiarekin jendetzak bat egin zuen arren, "besta bere handitasun osoan ezin ospatze horrek milaka euroko galera ekonomikoa ekarriko dio Seaskari", ohartarazi dute.
Atzokoan bildutako laguntza hain zuzen ez da aski izango "jaiak berak sorturiko gastuei eta Seaskak dituen beharrizan handiei" aurre egiteko. Horregatik, ekarpen ekonomikoak egiteko deia egin diote euskal jendarteari, "Seaskari eta Ipar Euskal Herrian euskara ikasteko hautua egiten duen proiektuari aurrera egiten laguntzeko".
Ekarpen ekonomikoak egiteko lau bide
"Urratsak zubi", horixe zen aurtengorako hautatua zuten leloa Herri Urratseko antolatzaileek. Ildo horretan kokatu dute elkartasun kanpaina hau ere. "Zure laguntzari eskerrak zubiak eraikitzen jarraitu ahal izan dugu, eta jadanik eraikita dauden zubiak indartzen. Euskaraz bizitzen eta ikasten jarraitu nahi dugu, eta badakigu denon artean errealitate horretara iristea lortuko dugula. Ekaitzak ez ditzan Herri Urrats eta euskara Iparraldean ito, egin dezagun elkartasun uholdea! Aldez aurretik, eskerrik beroena euskal jendarteari, helarazitako elkartasun mezu guztiengatik".
Ekarpen ekonomikook egiteko lau bide zabaldu dituzte:
1-Herri Urrats ekimenaren web orrialdeko dendan sartu eta diseinatua zuten materiala erostea: arropak, zapatak, kaierak, osagarriak...
2-Bizum bidez ere dohaintzak egiteko aukera dugu, bilatzailean "Herri Urrats" idatzi eta ekarpen ekonomikoa eginda.
3-Kontu korronte zenbakiotan ere diru ekarpena egin daiteke:
-Caisse d'épargne FR76 1333 5000 4008 9397 1116 819
-Laboral Kutxa ES87 3035 0059 8205 9073 1197
-Kutxabank ES98 2095 5045 8710 6117 7332
-Crédit Mutuel FR76 1027 8023 8500 0201 4340 107
4-PayPal sistema erabilita ere laguntza eskaini daiteke. Horretarako, herriurrats.eus/laguntza atalean sartu.