N634 errepidean lanean hasi dira berriz Troia eta Txikierdi artean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 15a, 09:47

Amaitu gabe utzitako lanei berrekin diete, asteotako txirrindulari Itzuliak errepide zati horretatik igaro ostean.

Azken hilabete pasatxoan etenda zeuden lanei berrekin diete astelehen goiz honetan, N634 errepidean, Troia eta Txikierdi artean. Aurrerantzean, beraz, berriz ere errei bat itxita egongo da denboraldi batean, eta ibilgailuen joan etorria semaforo bidez kudeatuko dute.

Aurretik hasitako lanak bukatzeke zituztela eten eta errepidea guztiz zabaldu zuten gizonezkoen txirrindularien Itzulia igarotzekoa zelako apirilaren 5ean. Asteak igaro ahala, ordea, ez diete segida eman hobekuntza lanei. Atzo, emakumezko txirrindularien Itzuliak eremu hau zeharkatu eta biharamunean hasi dituzte berriz lanak. Noiz arte luzatuko diren ez dago zehaztua, baina argi dagoena da, maiatzaren 31rako amaitzea aurreikusten zituztela lanok. Hilabeteko etenaldi honek luzapenik eragingo duen ikusteke da. Edozein kasutan, asteotan N634 errepideko errei bat itxita egongo da, eta adi ibili beraz. 

Hobekuntza lanak
Gogoan izan, hasiera batean otsaila amaierarako bukatu behar zituzten lanok. "Martxoaren 3an, amaitutzat eman ziren N-634 errepidearen oin-horma sendotzeko obrak, 1,715 eta 1,792 KPen artean, Usurbilgo udal-mugartean. Hala ere, obra horiek egin bitartean, horma sendotuaren alboko zatiak antzeko patologiak dituela ikusi zen, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen da hormaren sendotzea Donostiarantz luzatzea". 40 metro luze eta 3 metro garai den horma sendotzeko, hormigoizko zapata baten bidez azpiak berrituko dira eta proiektatutako hormigoizko geruza bikoitza jarriko da.