#M28

"Zaintzak duindu eta demokratizatu behar ditugu"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 15a, 13:31

EHBilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du astelehen goiz honetan Txirikorda atarian. Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa eredugarritzat jo dute, zaintza lanak duindu eta demokratizatzeko bidean.

Ugartondoko eraikinaren atarian batu ditu hitzorduak, egungo alkate eta datorren legealdirako alkategai Agurtzane Solaberrieta Mesa, Ahaldun Nagusirako hautagai Maddalen Iriarte Okiñena eta Gemma Zabaleta PSE-ko sailburu ohia.

Agurtzane Solaberrieta: "Erronka handia izan da guretzat legealdi honetan"
Ostegunean, maiatzaren 18an egingo dute Txirikordako bizilekuok esleitzeko zozketa, 12:00etan Potxoenean. Egungo alkate eta datorren legealdirako alkategai Agurtzane Solaberrieta Mesak aurreratu duenez, hamaseitik bederatzi bizileku bideratuko dituzte 18-30 urte arteko gazteentzat eta beste lau 65 urtetik gorakoentzat. Gainerakoak, sor daitezkeen beharrei aurre egiteko erreserbatuak utzi asmo dituzte. 

Egitasmo hau "erronka handia izan da guretzat legealdi honetan", adierazi du Solaberrietak, "dedikazio handia, ordu eta diru asko eta irudimena ere landu behar izan dugu, gisa honetako proiekturik ez dagoelako inguruan, ez Euskal Herrian". Oso pozik agertu da egitasmo aitzindari honek herrian izan duen harrerarekin eta belaunaldiarteko etxebizitza izatea bermatua egongo delako. "Bi kolektibo hauek bateratzeak izan dezake indar gehigarri bat, bi kolektibo hauen bizikidetza aberasgarria izan daitekeelako bientzat", alkatearen esanetan.

Hain zuzen, bi kolektibo hauek zituzten beharrei erantzuteko eraiki dute Txirikorda. Batetik, gazteen emantzipazioa errazteko, eta bestetik, bakardade ez hautatuan bizi edota etxebizitza egokirik ez duten 65 urtetik gorakoentzat. Udalak Ugartondon kokatuko zuen ekipamendu publikoari begira, Usurbilen egon zitezkeen behar sozialei buruz eginiko diagnosian identifikatu zituzten bi beharrok EHBilduren alkategaiak gaur hedabideen aurrean berri eman duenez, "elkarren osagarri izan zitezkeenak". Horregatik zioen, Txirikorda egungo gizarteak dituen "behar sozial eta arazo sozial nagusiei erantzuten dien" proiektua da.

Maddalen Iriarte: "Hauxe da Gipuzkoa osora eraman nahi dudan eredua"
Txirikorda eredugarritzat jo du EHBilduren Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak, Maddalen Iriartek. "Guk zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko hautua egiten dugu", eta horretarako, "Usurbili begiratzen diogu eta bertan egiten ari diren lanari", baita gaineratu duenez, Azpeitian, Zestoan edota Hernanin jorratzen ari diren prozesuei ere. "Nik Diputatu Nagusi bezala hauxe da Gipuzkoa osora eraman nahi dudan eredua".

Ongi zaindu eta zainduak izateko "zaintzak duindu eta demokratizatu behar ditugu", nabarmendu du, betidanik sektore "oso feminizatua eta prekarizatua" dela gogorarazita. Horretarako, ezinbestekotzat jo du gaixotzen garenean badugun bezala, "pertsonak bere bizitzan edozein unean zaintza behar duenean erreferente publiko bat izatea, nora joan jakiteko".

Gemma Zabaleta: "Zorionak, hitzak egia bihurtzeagatik"
Argi adierazi du EHBilduren kanpainara batu den PSE-ko ordezkari ohi Zabaletak; "gaur hemen aurkezten dena ez da hauteskunde eslogan bat", errealitate bilakatu den proiektu bat baizik. "Euskal zaintza sistema" eraikitzeko lehenengo pausotzat jo du Txirikorda, "eman beharreko beste pauso askoren artean".

Beharrezkotzat jo du zaintzen sistema hau eraikitzea, osasun edota hezkuntza sistemaren parekoa, non zerbitzua bera eta haren gastu osoa ez den familien gain kokatuko. Zereginotan urteak daramatzaten "Europako herrialde garatuenei" anbizioz begiratuko duen zaintza sistema defendatu du Zabaletak gaur Txirikorda atarian. "Zorionak eman nahi dizkiet, bai Usurbilgo Udalari, alkateari eta EHBilduri herritarren behar nagusienetako bat errealitate bihurtzeagatik, hitzak egia bihurtzeagatik, eskerrik asko".

Programaren aurkezpena
Gaurko agerraldiaren ondoren, hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia deitu du Usurbilgo EHBilduk ostiralean, maiatzaren 19an, 18:30etan Dema plazan. Horrez gain, landu duten herri programa aurkezteko bira iragarri dute egunotarako:
-Maiatzak 16, 18:30 "Jarduera Fisikoa eta Kirola" Oiardo Kiroldegian.
-Maiatzak 17, 18:30 "Ingurumena", Sutegi kanpoan.
-Maiatzak 18, 12:00 "Jubilatuak eta pentsiodunak" Artzabalen.
-Maiatzak 18, 18:30 "Kultura+gazteak" Artzabalgo gazte lokalean.
-Maiatzak 23, 18:30 "Kalezar", bertako elkarte aurreko mahaietan.
-Maiatzak 23, 18:30 "Txokoalde", auzoko Erroizpe elkarte aurreko plazan.
-Maiatzak 24, 18:30 "Aginaga", Eliza Zaharra Elkargunean.
-Maiatzak 24, 18:30 "Santuenea" eskubaloi pistan.
-Maiatzak 25, 18:30 "Zubieta" plazan.