NOAUA! Maiatzaren 16an ‘Askari osasuntsuak’ izeneko tailerra eskainiko duzu Igor Gorritirekin batera. Zer egingo duzue bertan?
Lucia Ucar: Hasiera batean hitzaldi txiki bat emango dugu pauta batzuk markatzeko umeei heziketa nutrizional bat nola eman ikasteko. Familian asteko menua nola egin erakutsiko dugu, zer hartu kontuan eta halako kontuak. Ondoren, tailer txiki bat egingo dugu ideia batzuk izateko askari osasuntsu bat nola plantea daitekeen. Igorrek prestatu egingo ditu platera txikiak eta prozesuan ere azalpenak emango ditugu. Amaitzeko, pikoteo txiki bat egingo dugu.
Askari osasuntsuei buruzkoa izango da tailerra. Haur batentzat otordu garrantzitsua al da askaria?
Ez dago egunean otordu garrantzitsuagorik gainontzekoak baino. Garrantzitsuena da egiten diren otordu horiek ondo egitea. Normalean, bazkaria eta afaria nahiko ondo egiten ditugu, baina arazoa askarian eta gosarian egon ohi da. Bi otordu horietan sartzen ditugu gailetak eta halakoak. Uste dugu garrantzitsuagoa dela askariaz edo gosariaz hitz egitea, orokorrean, okerrago egiten delako.
Haur guztiek behar berak izaten dituzte?
Helduen kasuan bezala, haur bakoitzak bere gustuak, ohiturak eta izaera ditu. Beraz, haur batek gosarian fruta oso erraz jan dezake, baina beste bati goizeko lehen orduan ez zaio fruta ondo sartzen eta nahiago du eguneko beste momentu batean hartu. Bakoitzaren arabera aldatu egingo dira ohiturak, nahiz eta pauta orokor batzuk izan.
Orokorrean askari osasuntsuak eskaintzen dizkiegu haurrei?
Uste dut badagoela kontzientzia bat gure gizartean geroz eta indartsuagoa dena. Hala ere, familiaren araberakoak dira ohiturak eta batzuk hautu oso osasuntsuak egiten badituzte ere, beste batzuk ez dute kontzientzia handiegirik. Familia batzuetan gozokiak egunero jatea normaltzat hartuta dago, baina kontzientzia gehiago duten familietan badakite hautu horiek ez direla egunero egin behar. Denetariko kasuak daude.
Janaria prestatzeko moduak ere eragina du janaria osasuntsua den edo ez den esaterako garaian?
Jakina. Arrautza prestatzeko modu asko daude. Frijitua ez da horren osasuntsua olio asko erabiltzen delako eta, alde horretatik, osasuntsuagoa da egosita jatea edota tortila bat egitea. Potxoenean egingo dugun tailerrean janaria prestatzeko moduaz ere arituko gara eta Igorrek ahalik eta modurik osasuntsuenean prestatuko ditu elikagaiak.
Izena eman behar al da?
Bai. Usurbilkultura.eus atarian egin behar da aldez aurretik eta musutruk izango da.
“Dieta kontzeptua ez zaigu asko gustatzen. Nahiago dugu ohitura onei buruz hitz egitea”
NOAUA! Egun dietak edonon aurki daitezke Interneten. Uste duzu jendea dietak egiten hasten dela oso ondo zertan dabilen jakin gabe?
Lucía Ucar: Bai. Azken finean, pertsona bakoitzak bere beharrak ditu: kirolaren arabera, gehiegizko pisua, kolesterola, diabetesa, gaixotasunak... Ohiturek pertsonei egokituta egon behar dute. Guri dieta kontzeptua ez zaigu asko gustatzen. Dieta bat hasiera eta amaiera bat duen prozesu bat izaten da, normalean oso murriztailea. Nahiago dugu ohitura onei buruz hitz egin eta pixkana aldatuz doazen ohiturak sortzea pertsona bakoitzari moldatuta.
Sasijakintsu asko dago elikaduraz asko dakiena uste duena halako ikasketarik egin gabe.
Asko daude eta oso arriskutsua da, gainera. Askotan jakin gabe hitz egiten dugu edozein lekutan artikulu bat irakurri dugulako edota sare sozialetan zerbait ikusi dugulako. Erabaki oso txarrak har daitezke modu horretara. Bestetik, batzuk uste dute euren buruei on egiten dielako zerbaitek, beste batzuei ere hala egingo diela eta hori ez da horrela izango beti. Umeekin ere hori egiten dugu, edonon zerbait irakurri eta haurrei hori ematen diegu jateko.