Maiatzaren 17an eta 18an

Txirikordako etxebizitzak eta Agerreazpiko udal baratzak esleitzeko zozketak egunotan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 16a, 12:09

Agerreazpiko udal baratzak eta Txirikordako etxebizitzak esleitzeko zozketak egingo dituzte, maiatzaren 17an eta 18an hurrenez hurren.

Abian zituzten prozeduren amaierara bidean dira bi egitasmo; batetik, Ugartondon kokaturiko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa eta Agerreazpiko udal baratzeen parkea. Bi egitasmootako pisu eta partzelak esleitzeko zozketa bana deitu du Usurbilgo Udalak egunotarako Potxoenean. 

Lehenbizi, asteazkenean, maiatzaren 17an, hamar urte bete dituzten aipatu udal-baratzak esleitzeko zozketa egingo dute hirugarrenez, aurrekoetan bezala (2013an eta 2018an egin bezala) bost urterako, 2028ra arte. Hala, martxoaren 20ra arte "izena emandakoen onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren ondotik, alegazioak aurkezteko epea egon da: alegazioak ebatzita, zerrenda hori behin betikoa da orain, eta partzelak esleitzeko zozketa egingo dute", iragarri du Udalak. Horrekin batera, "itxaron zerrenda ere osatuko dute; hala, partzela bat kontzesioa bukatu aurretik hutsik geldituko balitz, zerrenda horretako lehenengoak ordezkatuko du".

Baratzak esleituko zaizkienei zuzenduriko bi ohar. Batetik, "zozketaren bidez ebatziko da zeintzuk diren esleipendun berriak eta zein partzela egokitu zaien. Dena den, esleipendun berriak lehendik udal baratzeen erabiltzaileak badira, aurretik lantzen duten udal baratza esleituko zaie, azalera bereko baratza eskatzen badute". Bigarrenik, "erabiltzaileek Agerreazpiko udal baratzeen elkartearen parte izan beharko dute: uko eginez gero, edo elkarteko betebeharrak ez egiteak partzela erabiltzeko eskubidea galtzea dakar".

Guztira, 60 partzela esleituko ditu Udalak; 30 metro karratuko 36 eta 60 metro karratuko beste 24.


Txirikorda
Agerreazpiko udal baratzak zozketa bidez esleitu eta biharamunean, Txirikordako etxebizitzen txanda. Hauek ere modu berean esleituko dituzte hilaren 18an Potxoenean. Gogoan izan, 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituen eraikin honetako pisuen erdia aipatu adin tarteko gazteentzat izango da eta zozketa bidez esleituko dira. 65 urtetik gorako gainerako bizilekuak Gizarte Zerbitzuetan egindako balorazioaren arabera. Apirila amaieran eman zuen argitara Usurbilgo Udalak, egitasmo honetara otsailaren 28a baino lehen aurkezturiko eskabide onartuen eta baztertuen zerrendak. Gerora, maiatzaren 5era arte zabalik egon zen alegazio epea. 

Hortik behin betiko zerrendak kaleratu dituzte. Gazteenean, 22 izan dira onarturiko eskabideak, bakarra baztertua. Lau eskaera aurkeztu dituzte bina lagunek bi logelako etxebizitzetarako, eta banakako beste 19 eskaera logela bakarreko etxebizitzetarako. 65 urtetik gorakoen artean, lau eskaera onartu eta beste bi baztertuak izan dira. Ia denak bi gelako etxebizitzak eskatu dituzte. Orohar, Txirikordan bizitzeko 29 eskabideez osaturiko zerrenda argitaratu du Udalak. Udal atarian, usurbil.eus webgunean duzue ikusgai.

Aste hasiera honetan, Usurbilgo alkateak aurreratu duenez, 13 etxebizitza esleituko dira momentuz; haietatik 9, 18-30 urte arteko gazteentzat, eta beste lau 65 urtetik garaiko herrikideentzat.


Zozketak
Agerreazpiko udal baratzak esleitzeko zozketa
Eguna: maiatzak 17, asteazkena.
Ordua: 11:30.
Tokia: Potxoenea.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Txirikordako etxebizitzen esleipenerako zozketa
Eguna: maiatzak 18, osteguna.
Ordua: 12:00.
Tokia: Potxoeneako Urdintxo aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.