Garbigune mugikorra aurrerantzean, herrian barrena

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 16a, 09:24
Argazkia: Usurbilgo Udala.

Garbigunea zerbitzu gisa auzoetara gerturatu, bere erabilera erraztu eta birziklatzea sustatzea du helburu Usurbilgo Udalak erosia izan eta aurrerantzean herrian barrena ibiliko den gune mugikorrak.

Etxeetako hondakinen berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko aurrez 34.500 eurotan erosia zuen (Foru Aldundiaren 16.400 euro inguruko laguntzarekin) garbigune mugikorra martxan jarri du Usurbilgo Udalak. Bereziki Garbigunera joan ezin dutenei zereginok erraztea du helburu eta San Marko Mankomunitateak hilean bitan ekartzen duen furgonetaren orduegi murritza zabaltzea.

Aste hasieran Zubietan jarri zuten, eta hortik aurrera, ostegunero lekuz aldatuko dute hurrenkera honetan; Zubietatik Kalezarrera lekuz aldatuko dute handik Usurbilgo Kaxkora, Aginagara, Txokoaldera eta Santueneara. Bestela esanda, hurrenkera horretan garbigune mugikorra astebetez egongo da auzo bakoitzean, ostegunetik ostegunera. Egutegia usurbil.eus atarian kontsulta daiteke. “Denborarekin, baloratuko da funtzionamendua horrela mantenduko den hala egokitzapenen bat egin behar den”, azaldu du Usurbilgo Udalak.

Usurbilek egun duen %87ko gaikako bilketa hobetzen segitzen laguntzeko xedea du Garbigune mugikorrak.

Bilduko dituen hondakin motak
1. Margoak, bernizak, disolbatzaileak, kolak, fitosanitarioak (intsektizidak eta herbizidak), aerosolak eta horien ontziak (beteak, erdi-beteak zein hutsak).

  1. Bolumen txikiko plastiko gogorreko materialak (ontzi arinak ez direnak).
  2. Pilak.
  3. Tamaina txikiko txatarra (lapikoak, zartaginak, metalezko erretiluak, etab.).
  4. Material informatikoak.
  5. Bonbilla fluoreszenteak.
  6. Etxetresna, aparailu eta jostailu elektriko/elektroniko txikiak.
  7. Inprimagailuen tinta kartutxoak eta tonerrak.
  8. Material berrerabilgarriak (jostailuak, jolasak, gailu elektriko-elektronikoak...).
  9. Kafe kapsulak.
  10. Egur zati txikiak.


    Erabilera irizpideak
    • Hondakin mota bakoitzak bere ahoa du, sailkatuta jasotzeko.
  • Garbigune mugikorretik kanpo ezin da materialik utzi.
  • Utzi nahi den hondakinaren bolumenak ezin du dagokion ahoan ezer sartzea eragotzi: beraz, hondakina ahoa baino handiagoa bada, Atalluko garbigunera eraman behar da.
  • Garbigunera eraman beharko da utzi nahi den hondakina material desberdinen nahasketaz osatuta badago.


    Atalluko Garbigunea
    Ordutegia: 10:15-12:50 / 16:00-18:50 (astelehenetik ostiralera), 9:00-12:50 (larunbatak)
    Informazio gehiago: 900 776 776, atezate@usurbil.eus