40. Sagardo Eguna

Sagardo Eguneko antolakuntzatik, laguntzarako deia

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 16a, 13:15

Laguntzarako deia egin du Sagardo Egunaren Lagunak igande honetako festa egunerako, baita aurrera begira talde barruan, antolaketa lanetan parte hartzeko ere.

Aurreko astean Sagardo Egunaren Lagunak taldeak helarazitako adierazpenak argi zioen; errelebo eta laguntze eske dira berrogeigarren ediziora heldu den usurbildarren hitzordu seinalatuaren antolatzaileak.

Epe motz zein laburrerako babesa galdegin dute, egunotan zabaldu duten testuaren bidez. Hasteko, iganderako, maiatzaren 21erako auzolanean jarduteko deia egin dute. Goizeko 7:45ean plazara joatea eskatu diete ezinbestekoak dituzten boluntario guztiei. Urtero moduan, egoki jantzita, muntaketa eta prestaketa lanak bideratuko dituzte, goizeko 11:00etan talde argazkia atera eta ordu erdi beranduago iragarria duten irekiera ekitaldiaren aurretik. “Eguna borobila izan dadin zuen laguntza ezinbestekoa da”, nabarmendu dute Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek. Besteak beste, zereginotarako behar dituzte boluntarioak. “35 sagardo postutik gora izango dira aurten ere, botatzaileak behar beharrezkoak dira, baina Sagardo Eguna hori baino askoz gehiago da, eta laguntza behar da basoak saltzeko postuetan, sukaldean, pintxoak banatzen, tiketak saltzen…”.

Animatzen den oro, beraz, aipatu hitzordura agertu besterik ez du, bestela Sagardo Egunaren Lagunak taldeeko kideei jakinarazi edo usurbilgosagardoeguna@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke.

Bereziki kide berrien bila dabiltza, izan ere gogorarazi dutenez, “urte askoz bolondres izaten dabiltzan taldeak daude, baina ezinbestekoa da hauentzat ere jende berria, erreleboa eta laguntza, hauek gabe ere ezinezkoa baita sagardo egun bat aurrera ateratzea”.

Antolatzaile bila
Aurtengo edizio borobila, ohi bezala ederra izan dadin egin duten laguntzarako deia honako hau Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. Baina epe luzeagora begira ere badira, etorkizunera hain zuzen. Usurbilgo festa egun honetarako bakarrik ez, hitzordu hau aurrez prestatzeko ezinbestekoa den antolakuntza lanerako ere jende beharrean direla ohartarazi dute. “Taldea gero eta txikiagoa da, sei lagun bakarrik gaude Usurbilgo herriarentzat hain garrantzitsua den egun honen antolakuntzan”, jakinarazi dutenez. Kide gehienak, gainera, “beteranoak” dira, “urtetxo batzuk badaramatzagu eta guk ere behar dugu erreleborako jendea”.

Ezinbestekoetan ezinbestekoenak dira haiek berrogei edizioko ibilbide oparoa izan duen ekimena eten ez dadin. Horren harira, Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideen bigarren laguntza mezua. “Honetarako ere eskua luzatu nahi diogu animatu eta antolakuntzara batu nahi duen guztiari. Kontuan izan, ardatz nagusi hau gabe, ez dela sagardo egunik eta aurrera jarraitzeko jendea ezinbestekoa dela. Hau guztia esan eta gero, ez zaigu aldez aurretik eskertzea besterik geratzen. Urtero bezala, zuen zain geratzen gara urteko egunik berezienean”.