Zenbait udal dirulaguntza lerroetara eskabideak aurkezteko epea zabalik oraindik

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 16a, 13:38

Martxoaren 17an itxi zuen Usurbilgo Udalak dirulaguntza lerro gehienetara eskabideak aurkezteko epea bai, baina ez guztietara. Oraindik zenbait arloetako egitasmoak bideratzeko laguntzak tramitatu daitezke.

Batetik, norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko laguntzen kasuan, abenduaren 1era arte zabalik segiko du eskabideak aurkezteko epeak. Lau programa hartzen ditu bere baitan laguntza lerro honek.

Honez gain, ekintzaileei zuzendutako beste bi laguntza lerro ere baditu Udalak; batetik, Kabiene Elkartean norberak dituen egitasmoak garatzeko urtebeteko egonaldia egitea ahalbidetzen duen Hasiz Hazi beka. Bestetik, hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko laguntza lerroa. Bi kasuotan, bina ebazpen kaleratzen ditu Udalak urtero: lehenengoa, maiatzaren 31ra arte jasotako eskaerekin, eta bigarrena, irailaren 30era arte aurkezturikoekin. 

Eska daitezkeen udal dirulaguntzak
Norgehiagoka erregimenekoak ez diren Kirol Arloko dirulaguntzak eskatzeko deialdia
Lagunduko diren egitasmoak: laguntza bereziak (5.400 euro), taldeetako prestakuntza teknikoak (1.000 euro), kirolarien oinarrizko osasun miaketak (5.000 euro), eskolaz kanpoko kirol jardueretan parte hartzeko diru laguntzak (5.000 euro).
Epea: abenduak 1.

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi bekaren oinarriak
Laguntzaren zenbatekoa: dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.234,20 €koa izango da, beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen. 
Epea: irailak 30.

Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abian ipini nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzen oinarriak eta 2023ko deialdia
Laguntzaren zenbatekoa: ekimenak abiarazteko hasierako gastuei aurre egiteko gehienez 5.500 euro. Lokalaren alokairu edo erosketa gastuetarako, lehen urtean gehienez 400 euro hilean, bigarrenean 300 euro gehienez jota.
Lagunduko diren egitasmoak: egun eskaintzen ez diren zerbitzuekin lotutakoak edota ixtear izan edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipena bermatzen dutenak lehenetsiko dira.
Epea: irailak 30.

Informazio gehiago: otsailaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.