40. Sagardo Eguna

"Usurbilgo plazan itxarongo zaituztegu"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 17a, 11:37

Igandean plazan biltzeko deia egin dute 40. Sagardo Eguneko antolatzaileek.

Lau egun baino ez edizio borobilenerako; usurbildarren festa kuttunenaren 40. ediziora ospatuko da maiatzaren 21ean. Sagardo Egunaz ari gara noski. Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek prest dute iganderako egitaraua. "Maiatzak 21, igandea, goizeko 11.30tatik aurrera Usurbilgo plazan itxarongo zaituztegu", adierazi dute sare sozialen bidez.

Antolakuntzak hilabeteotan eginiko lanketaren ondotik, prest du hilabete honetako hirugarren igandean izango diren ospakizunen egitaraua. Baserriko zein sagardotegietako edariak dastatzeko aukera izango dugu aurten ere, sabela pozteko pintxo ederrak baita.

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak egunotan kaleratu duen adierazpenak oroitarazi moduan, laguntza beharko dute egunean bertan antolaketa lanetarako. Goizeko 7:45ean plazan biltzeko deia egin dute, egoki jantzita, muntaketa lanetarako, eta segidan, dastaketak iraun artean egin beharko diren lan ezberdinetarako; sagardoa eta pintxoak sukaldatu eta zerbitzatu, edalontziak saldu... 

Haiekin guztiekin talde argazkia aterata hasiko dute eguna, irekiera ekitaldia egingo dute segidan. Sagardoa zerbitzatzen ari direnen arteko txapelketa ere iragarri dute antolatzaileek. Auzolanean jardungo duten lagun hauek guztiak bazkaritarako bilduko dira goizeko festa amaitu ostean. Bazkalostean segiko du jai giroak; "Matraka" elektrotxarangarekin.


40. Sagardo Eguna
Maiatzak 21, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Irekiera. Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala. Botatzaileen lehiaketa ere izango da.
15:00 Botatzaileen bazkaria.
17:00-20:00 "Matraka" Elektrotxaranga kaleetan zehar.

Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.