Indarkeria sexistarik gabeko gunea Sagardo Egunean eta autodefentsa feminista ikastaroa ekainean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 17a, 13:13

Ekimenok iragarri ditu Usurbilgo Udalak datozen asteotarako. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Autodefentsa feminista ikastaroa
Emagin elkarteak gidatutako ikastaroa ekaina hasierarako iragarri du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Herriko emakume guztiei zuzendua egongo da. Zehazkiago esanda, ekainaren 2an eta 3an izango dira saioak, ostiral arratsaldez (17:00-20:00) eta larunbat goizez (10:00-13:00) Potxoenean izango dira saioak, guztira sei orduko ikastaroa.

"Ikastaroarekin hainbat helburu lortu nahi dituzte: emakumeek indarkeriarekiko dituzten bizipenak konpartitu eta biltzea; elkar entzutea eta beldur eta emozio desberdinei buruz lasai hitz egiteko tartea izatea; erasoak identifikatzen ikastea eta indarkeriaren definizioa taldean lantzea; autodefentsaz hausnartu eta erasoei aurre egiteko estrategiak lantzea; eta erantzun, alternatiba eta estrategia indibidualetan zein kolektiboetan sakontzea".  

Ikastarorako izena aurrez, maiatzaren 30a baino lehen eman beharko da bideotatik: 
parekidetasuna1@usurbil.eus
943 377 110

Indarkeria sexistarik gabeko gunea Sagardo Egunean
Usurbilgo Udalaren eskariz, Emagin elkarteak postua jarriko du Mikel Laboa plazaren goiko aldean, Sagardo Egunez, maiatzaren 21ean, 18:00-23:00 artean. “Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen”.

"Emakumeak eta herritarrak orohar indarkeri sexistaz kontzientziatzeko helburuarekin jai eremuan kokatzen dugun informazio puntua dugu. Asmoa da emakumeek eta bereziki neska gazteek jaietan indarkeri sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea eta babes zein elkartasun gunea irudikatzea". Horrekin batera, "indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztu nahi ditugu. Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko gunea da, hala nola emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzen laguntzeko eta bitarteko eta lanabesak eskaintzeko".

Usurbilgo Udalaren eskariz egokituko duten gunean, “Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen”. 12 urtetik gorakoentzat izango da. Babes eta elkartasun gunea izango da, “indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentziazko leku izateko bokazioarekin. Guneak, horrez gain, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasorik balego erantzuna izango duela ohartaraztea ere badu helburu”. 

Ahalduntzean ere eragile 
Emakumeen ahalduntzean ere eragin nahi du. “Euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarrita plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea”. Erronka hauei begira, “era askotako materiala eskainiko dute”.

Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunearen helburuak
-Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaz kontzientziatzea.
- Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea.
- Babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea.
- Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela
ohartaraztea.
- Emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta, horretarako, bitarteko eta lan
tresnak eskaintzea.
- Maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea.