Agerreazpiko udal baratzak esleitzeko zozketa egin dute

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 17a, 14:46

60 partzela zeuden eskuragarri, 55 eskaera izan dira. Beraz, denek eskuratu dute lursaila datozen bost urteetarako.

Agerreazpiko udal baratzek badute lurrok nork landuko dituenik hurrengo bost urteotan. Asteazken eguerdi honetan egin du Usurbilgo Udalak eremu honetako partzelak esleitzeko zozketa Potxoenean. Guztira 60 baratza dira esleitu dituztenak; 30 metro karratuko 36 eta 60 metro karratuko beste 24. 

55 eskaera izan direla berri eman du udal teknikari Ibon Goikoetxeak. Honenbestez, denei egokitu zaie partzela bat. Haien artean dira azken bost urteotan Agerreazpiko udal parke honetan baratzaren bat izan dutenak. Hauen kasuan orain arteko partzela berean segiko dute lurra lantzen. Aldiz, bederatzi eskatzaile berrik izena eman dute aurreko asteetan zabalik izan den epearen baitan eta haien artean egin da zozketa. Horrez gain, 60 partzela izanik bost libre geratu dira eta itxaron zerrendan geratu direnei esleituko zaizkie zozketan atera diren hurrenkeran. 

Iragarkien taulan jakinaraziko dute partzela esleitu zaien herritarren nahiz itxarote zerrenda.

Hamar urte
Hamar urte bete dituzten aipatu udal-baratzak esleitzeko zozketa egin du Udalak gaurkoan, hirugarrenez, aurrekoetan bezala (2013an eta 2018an egin bezala) bost urterako, 2028ra arte. Hala, martxoaren 20ra arte "izena emandakoen onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren ondotik, alegazioak aurkezteko epea egon da: alegazioak ebatzita, zerrenda hori behin betikoa da orain, eta partzelak esleitzeko zozketa" da gaur egindakoa. Horrekin batera, itxaron zerrenda osatu dute baita.

Baratzak esleituko zaizkienei zuzenduriko bi ohar. Batetik, "zozketaren bidez ebatziko da zeintzuk diren esleipendun berriak eta zein partzela egokitu zaien. Dena den, esleipendun berriak lehendik udal baratzeen erabiltzaileak badira, aurretik lantzen duten udal baratza esleituko zaie, azalera bereko baratza eskatzen badute". Bigarrenik, "erabiltzaileek Agerreazpiko udal baratzeen elkartearen parte izan beharko dute: uko eginez gero, edo elkarteko betebeharrak ez egiteak partzela erabiltzeko eskubidea galtzea dakar".