Txirikordako etxebizitzen zozketa ostegun honetan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 17a, 09:04

Hamaseitik hamahiru etxe zozketatuko dira; lau 65 urtetik gorakoentzat, beste bederatzi 18-30 urte arteko gazteentzat.

Agerreazpiko udal baratzak zozketa bidez esleitu eta biharamunean, Txirikordako etxebizitzen txanda. Hauek ere modu berean esleituko dituzte ostegun honetan, maiatzaren 18an Potxoenean. Gogoan izan, 18-30 urte arteko gazteak eta 65 urtetik gorako herrikideak elkarbizitzen jarriko dituen eraikin honetako pisuen erdia aipatu adin tarteko gazteentzat izango da eta zozketa bidez esleituko dira. 65 urtetik gorako gainerako bizilekuak Gizarte Zerbitzuetan egindako balorazioaren arabera. Apirila amaieran eman zuen argitara Usurbilgo Udalak, egitasmo honetara otsailaren 28a baino lehen aurkezturiko eskabide onartuen eta baztertuen zerrendak. Gerora, maiatzaren 5era arte zabalik egon zen alegazio epea. 

Hortik behin betiko zerrendak kaleratu dituzte. Gazteenean, 22 izan dira onarturiko eskabideak, bakarra baztertua. Lau eskaera aurkeztu dituzte bina lagunek bi logelako etxebizitzetarako, eta banakako beste 19 eskaera logela bakarreko etxebizitzetarako. 65 urtetik gorakoen artean, lau eskaera onartu eta beste bi baztertuak izan dira. Ia denak bi gelako etxebizitzak eskatu dituzte. Orohar, Txirikordan bizitzeko 29 eskabideez osaturiko zerrenda argitaratu du Udalak. Udal atarian, usurbil.eus webgunean duzue ikusgai.

Aste hasiera honetan, Usurbilgo alkateak aurreratu duenez, 13 etxebizitza esleituko dira momentuz; haietatik 9, 18-30 urte arteko gazteentzat, eta beste lau 65 urtetik garaiko herrikideentzat.

Txirikordako etxebizitzen esleipenerako zozketa
Eguna: maiatzak 18, osteguna.
Ordua: 12:00.
Tokia: Potxoeneako Urdintxo aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.


TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. 
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 12 etxebizitza eta biko beste lau.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako. Esleipena egiten den unean 18-30 urte izan beharko dituzte eta ezingo dute etxebizitzarik jabetzan izan.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "bi urtez egon beharko dute Usurbilen erroldatuta, eta etxebizitza jabetzan izanez gero, urtebeteko epean parke publikora alokairuan ateratzeko konpromisoa hartu beharko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urtea.
Zozketa: maiatzaren 18an, 12:00etan Potxoenean.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.