Poz nabarmena Txirikordako etxebizitzak egokitu zaizkien gazteen artean

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 18a, 13:06

Belaunaldiarteko Ugartondoko etxebizitza komunitarioko gazteei zuzenduriko bederatzi bizileku esleitu ditu gaur zozketa bidez Usurbilgo Udalak.

Bizilekuak soilik ez, poza ere "esleitu" du Usurbilgo Udalak ostegun eguerdi honetan, maiatzaren 18an Potxoenean egin duen Txirikordako etxebizitzen zozketan. Poza agerikoa izan da, ekitaldira joan eta bizilekua egokitu zaien gazteen artean.

Hamasei dira eraikiak dauden pisuak; lau bi geletakoak dira, hamabi gela bakarrekoak. Belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan zortzina bizileku bideratu asmo zituen Usurbilgo Udalak, 18-30 urte artekoentzat eta 65 urtetik gorakoentzat. Otsaila amaierara arte izandako izen-emateko tartean, guztira 30 eskaera jaso zituen Usurbilgo Udalak. Haietatik sei 65 urtetik gorakoenak izan ziren, bi baztertu zituzten eta lau onartu honenbestez. 18-30 urte artekoen kasuan, 24 eskaera jaso zituzten, bat baztertua izan zen eta beste batek uko egin dio bere eskabideari; beraz 22 dira onarturikoak.

Zenbakiok aintzakotzat hartuta, 65 urtetik gorakoentzako zortzi etxebizitzetatik lau bideratu dira. Udalak onarturiko araudiaren arabera, hiru utzi zitezkeen erreserban. Laugarren bat ere bazenez hutsik kolektibo honentzat, pisu hau gazteen kolektibora bideratzea erabaki dute. Beraz, gaurkoan, zortzi ez, 18-30 urte artekoei zuzenduriko bederatzi etxebizitza esleitu ditu zozketa bidez Udalak; bi geletako bi eta gela bakarreko zazpi. Gogoan izan, bost urterako esleitu dira 18-30 urte artekoen bizilekuok.  

Bizilagunen lanketa prozesua
65 urtetik gorakoenak, aurreikusi bezala Gizarte Zerbitzuetako baremazio bidez esleitu dituzte egunotan. Izena eman baina bizilekua egokitu ez zaienen itxarote-zerrenda ere osatu dute. 

Gaurko zozketa bidez eginiko esleipenaren onarpena behin-behineko dekretu bidez kaleratuko du Usurbilgo Udalak. Ekitaldian parte hartu duten udal teknikariek berri eman dutenez, gero alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea irekiko dute eta hortik behin betiko onarpena emango zaio esleipen honi. Horrez gain, bizilekua egokitu zaienei baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak eta denek Txirikordaren araudi eta funtzionamenduari lotutako lanketa prozesu batean parte hartu beharko dute. Ekainaren 8an egin asmo dute lehen saioa. Hilabete horretan halako hitzordu gehiago ere izango dituzte. Uda ostean, segida izango du irailetik aurrera urrira arte. Udalaren aurreikuspena, urte amaieran Txirikordak bizilagunak izatea da.