“Oso erraza da abizenak euskarazko grafiara aldatzeko prozesua, bost minutuko kontua”

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 07:22

Andoaingo bake epailea da Ramon Iriarte, eta berak azaldu digu zein diren ‘Apelliduak abizentzeko’ eman beharreko pausoak eta aurkeztu beharreko agiriak. Nork bere herriko bake epaitegira joan behar du, eta momentuan egingo diote aldaketa.

 

“Oso erraza eta azkarra” da apelliduak abizentzeko prozesua; abizenak euskarazko grafiara aldatzekoa, alegia. Hala azaldu digu Ramon Iriarte Echevestek, Andoaingo bake epaileak. Izan ere, abizena euskaratu nahi duenak, bere herriko bake epaitegira joan behar du horretarako, eta momentuan egingo dute prozedura, betiere irizpide batzuen arabera. Aurkeztu beharreko agiriak edota onartuta dauden aldaketak eman dizkigu aditzera bake epaileak; eta gomendioa luzatu du, aldaketa «gaztetan» egiteko, gerora gauzak erraztuko dizkigulako.

 

Martxan jarraitzen du ‘Apelliduak abizendu’ kanpainak...

Ramon Iriarte: Bai, eta aurten dagoeneko lau dira abizena euskaraz jartzeko eskaera egin dutenak Andoainen, aurreneko lauhilekoan. Hasieran izan zen kolpea, abizenak euskaratzeko aukera zabaldu zenean, 2000. urtean. 30 bat eskaera izango genituen orduan. Baina gerora ere jarraitu dute etortzen, tarteka. Kontutan hartu behar da, seme-alabak adin txikikoak badira, gurasoek abizena aldatuz gero haiei ere aldatzen zaiela, eta beraz, espediente bakarrean egiten dela aldaketa guztia. Gerora ez dute beraiek egin behar berriro.

RAMON IRIARTE

“Euskaltzaindiaren irizpideen arabera jokatzen dugu, baina horiek aldatuz doaz. Gauza bizia da hizkuntza, eta hasieran onartzen ez ziren izen pila bat, onartuta daude orain”

Nolakoa da abizena euskaratzeko prozesua?

Oso erraza da. Bake epaitegira agertu behar duzu, bakoitza bere herrikora; eta bost minutuko kontua izaten da. Ekarri behar dira nortasun agiriaren kopia; errolda agiria, erakusteko herrian erroldatuta zaudela; eta jaiotza agiria edota aldatu behar duzun beste edozein agiri, ezkontza agiria adibidez. Horrela, aldaketa bideratzen da agiri guztietara. Bake epaitegian begiratzen dugu eskatutako aldaketa onartuta dagoen, eta momentuan egiten dugu.

 

Zein senideri eragiten dio, norberak abizena aldatzeak?

Pertsona baten abizena aldatzean, seme-alabei aldatuko zaie baita ere, baina adin txikikoak badira bakarrik. Adin nagusikoen kasuan, beraiek eskatu beharko dute aldaketa. Gainerako senideei ez die eragiten aldaketak. Esaterako, zuk abizena aldatuz gero, zure anaiari ez zaio aldatuko, berak etorri beharko du. Bakoitzak eskatu behar du berea.

 

Abizena aldatu ondoren, gainerako dokumentazioan ere egin behar duzu aldaketa?

Bai, hori norberak egin behar du. Nortasun agiria berritzera zoazenean, eraman behar duzu agiri bat, adierazten duena abizena euskaratu duzula, eta aurrerantzean beste modu honetara idatziko dela. Agiri hori bake epaitegian bertan emango diegu. Eta kasu batzuetan, bertan jaiotakoak ez izan arren, aukera baldin badaukagu jaiotza agiria ikusteko, eman diezaiokegu.

Baina norberak eskatu behar du aldaketa gero, nortasun agiria berritu behar duzun hurrengo aldian. Aurrekoan etorri zitzaidan gizon bat bake epaitegira, abizena euskaratzera. Etxekoek esaten zioten, bera bakarrik falta zela, NANean gaztelaniaz ikusi ziotelako. Begiratu genuen, eta esan nion dagoeneko euskaratua zeukala abizena, 2001. urtean edo. Kontua da, aldaketa egin ondoren, ez zuela NANean ere aldatu.

 

“Epaitegietako prozedurak doakoak dira”

Komeni da ahalik eta azkarren egitea abizena euskarazko grafiara aldatzeko tramitea?

Ramon Iriarte: Nik gomendatzen dut gaztetan egitea. Printzipioz, ez litzateke arazorik egon beharko gerora ere; baina demagun etxebizitza erosi duzula, eta eskrituretan azaltzen dela euskaratu gabeko abizena. Gerora abizena aldatuta, arazoak sortu daitezke, zu ote zaren eskrituretan ageri dena, eta agiri gehiago aurkeztu beharko dituzu agian, pertsona bera dela egiaztatzeko. Gaztetan egiten baduzu, aldiz, toki guztietan agertuko dira abizenak euskaratuta.

 

Abizena ez ezik, izena ere aldatu daiteke, ezta?

Bai, izenarekin ere berdin. Gainera, izenekin bi kasu ezberdin daude: izena euskaratzea, edo aldatzea. Jesus Maria bazara, euskaratuta izango zara Josu Mirena. Baina Josu bakarrik jarri nahi baduzu, orduan aldaketa bat egitea da. Alegia, Mirena kentzea aldaketa da. Baina biak egin daitezke, eta erraza da. Kasu horretan ere, Euskaltzaindiaren arabera jokatzen dugu, ezin da edozein aldaketa onartu. Baina, esan bezala, egokituz doaz irizpide horiek ere: gauza bizia da hizkuntza, ez da zerbait finkoa, kaxa batean sartuta dagoena; eta hasieran onartzen ez ziren izen pila bat, onartuta daude orain.

 

Doakoak dira tramite horiek?

Bai, doakoak dira. Epaitegietako prozedurak doakoak dira, orain arte. Leku bakarretakoa izango da. Beraz, abizena euskaratu nahi dutenek, prozesua zaila edo garestia denik ezin dute esan; aitzakia hori, behintzat, ezin dute erabili.

 

Milaka ‘apellidu abizentzeko’ aukera, Buruntzaldeko udalen ekimenari esker

Azkeneko 15 urteotan, mila herritar inguruk euskaratu dute beraien izena edo abizena Buruntzaldean, eta hori sustatzen jarraitzen dute eskualdeko sei udalek, elkarrekin, ‘Apelliduak abizendu’ ekimenaren baitan.

Badira urte batzuk, ‘Apelliduak abizendu’ ekimena martxan jarri zutela Buruntzaldean. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekimenetako bat da, tokian tokiko bake epaitegiekin lankidetzan. 2000. urtetik dago abizenak zuzenean euskalduntzeko aukera, erregistro zibilaren legearen 40/1999 erreformak ahalbidetu baitzuen hori; ordura arte, abizenak aldatzeko prozeduraren bitartez egiten zen. Orduz geroztik, makina bat izan dira apelliduak abizentzera animatu direnak: Echeverría, Aguirre, Lecuona edo Erquicia izateari utzi, eta Etxeberria, Agirre, Lekuona edo Erkizia izatera pasa direnak, besteak beste.

Izan ere, hala nahi duenak oso erraz egin dezake aldaketa, nork bere herriko bake epaitegian. Hiru agiri eraman beharko dira: errolda-agiria, udaletxean eskatu behar dena; jaiotagiri ofiziala, jaioterriko bake epaitegian bertan eskuratu beharrekoa; eta NANaren fotokopia. Ezkonduek edota seme-alabak dituztenek, Familia Liburua ere eraman beharko dute. Horiekin Bake Epaitegira bertaratu, eta han bertan egingo dute abizenaren aldaketa, oso tramite sinplea baita egin beharrekoa. Gainera, edozein zalantza izanez gero, Bake Epaitegian jaso daitezke argibide guztiak.

 

59 izen eta abizen euskaratuta Buruntzaldean, 2022an

Euskaltzaindiak onartutako aldaketak dira egin daitezkeenak, eta horiek ikusteko aukera dago bere webgunean bertan (euskaltzaindia.eus), ‘Hizkuntza-baliabideak’ arloko ‘Onomastika’ atalean, deiturei eskainitako txokoan.

Milaka abizen dira euskaldundu daitezkeenak, eta izenak euskarara ekartzeko aukera ere badago Bake Epaitegietan. Horrela, ehunka izan dira izena edo abizena euskaratu dutenak, Buruntzaldean: azkeneko 15 urteotan, mila inguru.

 

‘APELLIDUAK ABIZENDU’

“2011tik 2022ra,164 lagunek ekarri dute izena edo abizena euskarara Usurbilen”

Oso esanguratsuak dira datuak, kontutan hartuta urte asko pasa direla abizenak zuzenean euskalduntzeko aukera zabaldu zenetik. Andoainen, esaterako, 210 izan dira izena edo abizena euskaldundu dutenak, 2010etik 2022ra bitartean. Astigarragan, berriz, 101 lagunek egin dute aldaketa epealdi berean, eta 171 izan dira Urnietan. Antzeko kopurua izan da Usurbilen ere, 164 lagunek ekarri baitute izena edo abizena euskarara (2011tik 2022ra). Eta Lasarte-Orian, 129 lagunek baliatu dute aukera hori (2012tik 2022ra bitartean).

Gainera, oraindik ere martxa polita darama ekimenak. Joan den urteko kopurua ikusi besterik ez dago horretarako: 59 herritarrek egin zuten izen edo abizen aldaketa, euskaratzeko.