Egitasmoei heldu aurretik, egizu azken legealdiaren balorazioa. Lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzu?
Agurtzane Solaberrieta: Legealdia zaila eta konplexua izan da, batez ere, pandemiaren eraginez. Sekula lehenago bizi gabeko eta biziko genuela imajinatu ere egin ez genuen egoera eragin zuen Covidak, eta hala eta guztiz ere, egoki kudeatu genuela esango nuke, inertzietatik at. Argi izan genuen hasieratik non jarri lehentasunak, eta batez ere, nola erantzun pandemiari: lehen unetik jarri genuen gure begirada kolektibo eta pertsona zaurgarrienetan, eta modu komunitarioan artikulatu genituen hainbat eta hainbat ekimen, elkar zaintza eta elkarlana oinarri, esaterako; bolondres sarea, adinekoei egindako deiak, musukoen banaketa, herriko komertzioei laguntzeko erosketa-bonoak edota Kultur Bira. Baliabideak eta dirua gutxitu arren, gizarte babesa blindatu genuen, eta tokiko ekonomia eta kultura babesten eta suspertzen saiatu ginen, pandemian egonagatik ere, herri osasuntsua eta bizigarria zerumugan.
Pandemiari erantzun ez ezik, mundu mailako erronkei tokikotik, Usurbildik, heltzeko gai izan gara, eta egitasmo eraldatzaileak, aitzindariak eta komunitarioak jarri ditugu martxan, besteak beste, zaintza ekosistema, 650Usurbil bizi egitasmoa, Emakumeen Etxea, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, jatorri aniztasuna eta bizikidetza lan ildoa edota komunitate energetikoa eta Kulturgunea sortzea bultzatu ditugu. Herri/auzoetan bertako komunitatearekin egin dugun lana nabarmendu nahiko nuke. Auzoekin komunikazio kanal iraunkorrak ireki ditugu, eta baliabide eta ekipamenduz hornitu. Legealdiko planaren betetze-maila izugarria izan da: duela lau urte emandako hitza bete dugu.
Agurtzane Solaberrieta, EHBildu:
“Ezagutzak eta herritarrekiko gertutasunak ezaugarritzen du gure taldea”
Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira bultzatuko dituzun egitasmo nagusiak?
Usurbil duinagoa, kohesionatuagoa eta bizigarriagoa eraikitzen jarraitzeko 90 proiektuz osatutako herri programa egin dugu, EHBilduren oinarriarekin batera. Usurbilentzat dugun herri proiektu eta eskaintzaren sendotasuna erakusten du horrek.
Lerrootan guztiak aipatu ezin ditudanez, bi lehentasun aipatuko ditut, herri eta auzo bizigarriagoak izate bidean, ezinbestekoak. Batetik, etxebizitza merkatuaren logikatik atera eta bere funtzio soziala garatzeko, etxebizitza-politikaren esparruan urrats aurrerakoiak ematen jarraituko dugu, Espainiako Kongresuan, EHBilduren ekimenez onartu berri den Etxebizitza Legeak ematen dizkigun tresna eta garapen-bide berriak baliatuz. Legealdi honetan hartutako erabakiak ez dira gutxi izan: merkatu libreko alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza lerro bat jarri dugu martxan; Txirikorda irekitzear da, gazteen emantzipazioa erraztu nahi duen proiektua, eta Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babestutako etxebizitzen kopurua nabarmen igo dugu, izan ere, planean antolatutako etxebizitzen %57 merkatuz kanpoko etxebizitza babestuak izango dira. Etxebizitzaren gaia herritarren arazo nagusia da, eta datorren legealdian hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko plana osatuko dugu.
Bestetik, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasuna bermatzeko, hainbat proiektu ditugu esku artean, hala nola Zubieta eta Santuenea arteko bidegorria, eta Etxealdia eta herrigunea lotuko dituen igogailua, besteak beste. Beste erakundeekin lortutako akordioei esker, epe motzean Usurbilek tren geltoki berria izango du, eta Kalezarrek autobus geltoki berria eta konexio irisgarria, geltokia eta auzoa lotuko dituen igogailua egingo baita. Bi obra horiek jada martxan daude.
Ukrainako inbasioak inflazioaren gorakada ekarri du. Elikagaiak, erregaiak, energia... Prezioek gora egin dute modu nabarmenean. Kezka honen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?
Neoliberalismo basatiaren ondorioz, prezioen garestitzeak ez dirudi mugarik duenik, eta bizitzaren pobretzea eta desberdintasun sozialak neurrigabe areagotzen ari dira. Bereziki kezkatzen gaituen gaia da, izan ere, dualizazio sozialak gizarte kohesioa hausten du, eta arrisku hori ere badago gure herrian. Usurbil berdinzalea eta haustura sozialik gabeko herria ortzimugan, ezinbestekoa da pertsona guztiek bizitza duin eta justuago bat garatzeko eskubidea bermatuta izatea, eta horrek babes kolektiborako mekanismoak indartzea eskatzen du, bai udaletik bai herrigintzatik. Modu horretan baino ez dugu komunitate sendo bat eraikiko. Hain justu, horixe da gure helburu nagusietako bat, eta norabide horretan ari gara politika publiko feministak eraikitzen, Usurbil harrera herri izan dadin aniztasunaren kudeaketa demokratikoa garatzen, gizarte babeserako dirulaguntza lerroak zabaltzen edota zerbitzu publikoen unibertsalizaziorako eta aukera berdintasunerako zerga-sisteman aldaketak txertatzen, gehiago dutenek gehiago ordainduz, gutxiago dutenek gutxiago ordain dezaten. Erakutsi dugu posible dela udaletatik horri aurre egitea, lehentasunak non jarri da gakoa. Geurea argi dago.
Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?
Legealdi honetan egindakoa asko da, baina asko dugu egiteke, eta martxan ditugun anbizio handiko proiektu eraldatzaileekin dudan ardurak eta konpromisoak eraman nau berriz ere alkategai izatera, eta, batez ere, Usurbilgo EHBilduk hala eskatu didalako. Etxekoen eta lagunen babesa ere ezinbestekoa izan da aurrera egiteko.
Zurekin batera aurkeztu den lantaldea nola definituko zenuke?
Hitz bakarrean, herrigilea. Ezagutzak eta herritarrekiko gertutasunak ezaugarritzen du gure taldea. Esperientzia eta freskotasuna uztartzen ditu, eta zerrendakide berriak ilusio eta gogo handiz datoz. Oso pozik eta harro nago osatu dugun lantaldearekin.
Labur-labur
Zein izan da ikusi duzun azken telesaila edo pelikula?
Ez naiz telesail zalea, eta zineman ikusi dudan azken pelikula ‘Irati’ izan da. Maiatza bete-betea dut, baina gustatuko litzaidake tarte bat hartzea ‘Las buenas compañias’ eta ‘20.000 especies de abejas’ pelikulak ikusteko. Literatura zalea banaiz, eta atzo bukatu nuen Nerea Ibarzabalen ‘Bar Gloria’ liburua. Gozatu egin dut.
Zein da zure musika talde edo bakarlari gustukoena?
Zea Mays eta ETS, bakarlarien artean Ruper Ordorika eta Anari. Izaro ere gustura entzuten dut.
Nora bueltatuko zinateke oporretan?
Alabekin Saharara itzuliko nintzateke, munduko beste egoera batzuk ezagut ditzaten.
Usurbilgo txoko guztien artean, zein da gustukoena duzuna?
Arratzain bidean, Olloki eta Txantxon baserrien arteko bidexkan dagoen belaze zoragarri hori. Paraje ederra ikusten da han goitik, ia Usurbil osoa, Andatza eta Oria errioaren meandroa.
Udal zerrenda
EH Bildu
1. Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2. Jon Mikel Azpiazu Zubeldia.
3. Ainhoa Arrozpide Landa.
4. Xabat Beloki Segurola.
5. Iratxe Begiristain Otegi.
6. Xabier Aranburu Leiva.
7. Jose Maria Lizaso Azconobieta.
8. Oskar Santamaria Picabea.
9. Maialen Iñarra Arregi.
10 Lur Etxeberria Gurrutxaga.
11. Alazne Arruti Bengoetxea.
12. Jose Martin Leoz Leoz.
13. Miren Josune Iparragirre Tolaretxipi.
Ordezkoak:
1. Moraysys Silva Rodriguez.
2. Gema Sueskun Urritza.
3. Amets Aburruza Segurola.