#M28

Xabier Otxoa Muñoz: “Usurbildarren seme-alabentzat oparoa den herri bat prest eduki nahi dut”

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 12:30

Xabier Otxoa EAJ-PNVren hautagaia Aretxabaletako udal zinegotzia izan da amaitu berri den legealdian. Honakoan, Usurbilgo alderdi jeltzalearen zerrenda gidatuko du. "Nire taldea nire oinarria da, beraiek gabe nire hautagaitzak ez luke zentzurik edukiko", aitortu digunez. "Talde anitza da, bai adinagatik eta baita prestakuntza aldetik ere, esparru guztietan aurre egiteko gaitasuna duen taldea sortu dugu".

Egitasmoei heldu aurretik, egizu azken legealdiaren balorazioa. Lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzu?

Xabier Otxoa: Udal kudeaketari buruz esango nuke plangintza falta nabaria izan dela, erabakiak hartzeko unean zalantzazko jarrera sumatu dudala eta horren ondorioz, proiektu ugari oraindik konpondu edo egin gabe daude, ur lasterren proiektua, Ingemarreko zorraren gaia, Txirikordako gaia, eta abar luze bat.

   Inbertsioei dagokienez, badakit une gogorrak pasa ditugula, hala nola, pandemia, Ukraniako inbasioa, prezioen gorakada etab., baina, hala ere, inbertsioen egikaritze-maila oso oso baxua izan da urtez urte eta hori kudeaketa desegoki baten isla da. Onartezina da usurbildarren dirua kutxa batean gordetzea urtez urte “aurrezten gabiltzalakoan” eta baliabide horiek erabili gabe geratzea. Behar ugari daude konpondu eta hobetzeko Usurbilen, daukagun inflazioarekin urtez urte balio dezente galtzen duen poltsa bat edukitzeko bezala. Herritar bezala ezin dezakegu hori onartu.

   Aurreikuspen falta bistakoa izan den bezala, anbizio eza ere agerikoa izan da. Erabakiak hartzen diren kasuetan, bakarrik epe motz eta ertainean garatu daitezkeenak izan dira, epe luzea aintzat hartu gabe, estrategia gabe, unean uneko burutazioak garatuz.

   Ez dut uste utzikeria kontua denik, baina agian bai konformismo hutsalean erortzearen kontua. Esango nuke udal gobernua oso eroso sentitu dela azken urteetan eta hori inbertsioen kudeaketa eta egikaritze-maila baxuan argi ikusten da. Argi dago inbertsioak ez direla bakarrik obra kontua, baina inbertsio betetze-maila baxua zuzen-zuzenean kudeaketa eskas baten ondorio dela zalantzarik ez dago.

 

Xabier Otxoa Muñoz:

“Lantalde berria dugu, indarberritua, herria hobetzeko gogoekin”

 

Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira bultzatuko dituzun egitasmo nagusiak?

Labur-labur nagusienak zerrendatuko ditut: Aritzetatik Usurbilera sarrera irteera berria bultzatuko dugu eta hori martxan jartzeko tramiteak lehen baino lehen hasiko ditugu. Bitartean, Foru Aldundiarekin elkarlanean N-634 errepideko sarrerak hobetzeko lan egingo dugu. Etxebizitzari dagokionez, Usurbil iparraldean etxebizitza eskaintza handitzeko lursailak bideratzeko prozedurak martxan jarriko ditugu. Aparkalekuen beharren azterketa sakon bat egingo dugu, bistakoa baita aparkaleku gabezia dagoela herrigunean.

   Zabor bilketa sistema aldatuko dugu, atez atekoa kendu eta txartel elektronikoa duten edukiontzi bidezko bilketa sistema ezarriz, ekonomikoki jasangarriagoa da, birziklatze tasa antzekoak lortzen dira eta gainera herritarren askatasuna bermatzen da, zaborra nahi dugunean bota ahal izango dugu.

   Pertsona nagusientzat zaintza eta zahartze politika aktiboak sustatuko ditugu Foru Aldundiarekin elkarlanean, betiere etxean eta etxekoekin bezala sentitu daitezen. 

   Eskubaloirako kantxa estali berri bat kirol etxe ondoan, egun kanpoan dagoen kantxa zati bat aprobetxatuz.  Gimnasioaren guneari buelta bat emango diogu, berrikuntza integral bat behar baitu.  Oria ibaian ur lasterren proiektua bultzatuko dugu Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean.

   Industriagune berriak sortu eta daudenak eraberrituko ditugu enpresa teknologikoak erakartzeko. Ekintzailetza sustatuko dugu, aholkatu eta horretarako tresnak eman.

   Lasarte-Oria Usurbilekin konektatzeko eta bidegorri sarea amaitzeko Foru Aldundiarekin elkarlanean beharrezko tramiteak hasiko ditugu.

 

Ukrainako inbasioak inflazioaren gorakada ekarri du. Elikagaiak, erregaiak, energia… Prezioek gora egin dute modu nabarmenean. Kezka honen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?

Orokortasunetik hasita kudeaketa on bat, udaletxeko inbertsioen betetze maila altu batekin, baina betiere plan bat eduki behar da, plangintza gabe zaila baita. Ondoren, gauza konkretuetan zentratuz eta epe motzera begira, hobariak emango ditugu behar gehien dituzten familia eta pertsonei. Bestalde gazte zein pertsona helduentzat etxebizitza alokairurako dirulaguntzak emango ditugu. Hortaz gain, epe ertain luzera begira, uste dugu oso garrantzitsua dela finantza prestakuntza ikastaroak ematea, familiei finantzetan ezagutza eta tresnak erakutsiz beraien dirua modu optimoago baten kudeatu ahal izateko. Adibide ugari daude, esaterako, hipotekak sinatzerako orduan tipo aldakorra edo finkoa hartzeko erabakitzea, aurreztutako diruarekin zer egin daitekeen erakutsi, erosketak egiterako orduan erabili daitezkeen baliabideak eta hauek dituzten alde on eta txarrak, etab. Azkenean, familiek finantza askatasuna lortzea nahi dugu eta ez dirulaguntzen menpeko bihurtzea.

   Azken puntu honi lotuta, ekintzailetza sustatu eta horretarako tresnak emango ditugu, balio erantsiko aberastasun hori Usurbilen geratzea nahi baitugu.

   Energia komunitateak sustatu, aholkularitza zerbitzuak eman eta erraztasunak eskainiko ditugu.

   Garraio publikoa hobetzeko Foru Aldundiarekin elkarlanean linea berriak eta frekuentziak aztertuko ditugu inguruko herriekin lotzeko.

 

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Dakizuen bezala, Usurbilera iritsi berria naiz eta eskuzabalik hartu nauten usurbildarrei zor diet, prest nago, ilusioz eta indarrarekin. Etorkizunean usurbildarren seme-alabentzat oparoa den herri bat prest eduki nahi dut, euskaldun eta abertzalea, zerbitzu publiko gehiagorekin, irisgarritasun hobeagoarekin, haurretatik hasi eta zahartzaroraino inor bakarrik edota baztertuta sentituko ez den herri bat nahi dut. Azken legealdian, Aretxabaletan, hirigintza zinegotzia izan naiz eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkide izateko aukera ere izan dut. Arlo pribatuan ere, kudeaketa lanetan egon naiz eta orain enpresen administrazio eta zuzendaritza masterra egiten nabil. Beraz, esan dezaket, nire burua erronka honi aurre egiteko prest ikusten dudala.

   Odolean daramat gauzak etengabe hobetzeko ezinegon hori, ez naiz erraz konformatzen. Zerbitzuak optimizatu eta hobetu badaitezke, zergatik konformatu?

 

Zurekin batera aurkeztu den lantaldea nola definituko zenuke? 

Nire taldea nire oinarria da, beraiek gabe nire hautagaitzak ez luke zentzurik edukiko. Lantalde berria, indarberritua, prest udaletxeko erronkei aurre egiteko eta lanerako gogoekin, herria hobetzeko gogoekin. Talde anitza da, bai adinagatik eta baita prestakuntza aldetik ere, esparru guztietan aurre egiteko gaitasuna duen taldea sortu dugu.

 

Labur-labur

Zein izan da ikusi duzun azken telesaila edo pelikula?

‘El Conquistador del Caribe’.

 

Zein da zure musika talde edobakarlari gustukoena?

ETS En Tol Sarmiento.

 

Nora bueltatuko zinateke oporretan?

Pirinioetara, zalantzarik gabe.

 

Usurbilgo txoko guztien artean, zein da gustukoena duzuna?

Jatetxeak eta tabernak esango nituzke, baina hortaz aparte, toki konkretu bat esan beharko banu, Andatza mendia.

 

Udal zerrenda

EAJ-PNV

1. Xabier Otxoa Muñoz.

2. Ivan Iriondo Axpe.

3. Josune Urkola Larrarte.

4. Andoni Atxega San Sebastian.

5. Mirari Azurmendi Sorazu.

6. Agurtzane Egibar Artola.

7. Carlos Perez Fraisoli.

8. Mari Jose Ibargoyen Lizarazu.

9. Alejandra Arrieta Varela.

10. Juan Mari Zubeldia Arrieta.

11. Julian Beraetxe Aranburu.

12. Lourdes Jauregiberri Goenaga.

13. Jose Mari Zubiria Eguzkiza.

 

Ordezkoak:

Jose Mari Olaizola Orbegozo.