Erdibidera heldu den maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako kanpainan garen honetan, Usurbilgo EHBilduk jendaurreko bi hitzordu nagusi deitu ditu astebururako, egunez egun herri programa aurkezteko egiten ari den bilera sortarekin batera. Gaurko, hilak 19, kanpainako ekitaldi nagusia egingo du EHBilduk arratsaldeko 19:00etan Dema plazan. Koalizioaren zerrendaburu Agurtzane Solaberrieta Mesak parte hartuko du, eta harekin batera, Ibai Iriarte Tolosako alkate ohi eta egungo legebiltzarkideak. "Zatoz!", egin du gonbita Usurbilgo EHBilduk sare sozialen bidez. Ostiral honetako ekitaldia, "herriko EHBilduko komunitatea batzeko eta gure hautagaitza hauspotzeko baliatu nahi dugu. Herriko sortzaileen emanaldiak, pintxoak, edatekoak eta bestelako sorpresak egongo dira! Animatu!".
Bestalde, bihar, maiatzak 20, "herriko hautagai gazteenekin agerraldia egingo du", iragarri du Usurbilgo EHBilduk. "Behetik, ezkerretik, txikitik handira, gazteok eskura ditugun boteregune guztietan egon behar dugu", adierazi dute sare sozialen bidez. Horregatik, diotenez, "gazteon herria egingo dugu! Zatoz!", egin dute gonbita. Hitzordua, larunbat honetan, maiatzaren 20an, arratsaldeko 18:00etan Mikel Laboa plazan.
Programaren aurkezpena
Usurbilgo EHBilduk landu duen herri programa aurkezteko bira betean dira koalizioko hautagaiak. Datorren asterako bilera sorta hau iragarria dute:
-Maiatzak 23, 18:30 "Kalezar", bertako elkarte aurreko mahaietan.
-Maiatzak 23, 18:30 "Txokoalde", auzoko Erroizpe elkarte aurreko plazan.
-Maiatzak 24, 18:30 "Aginaga", Eliza Zaharra Elkargunean.
-Maiatzak 24, 18:30 "Santuenea" eskubaloi pistan.
-Maiatzak 25, 18:30 "Zubieta" plazan.