Badator usurbildarren urteko jai egun estimatuena. Berrogeigarren ediziora heldu den Sagardo Eguna ate joka dugu, eta herria etziko hitzordurako prestatzen hasia da, irudiotan ikus dezakezuen moduan. Mikel Laboa plazan, Usurbilgo Ernaik kokatuko duen karpagunea eraikitzen ari dira ostiral goiz eta eguerdi parte honetan. Frontoian, Dema plazan eta Askatasuna plazan, begi bistakoak dira bestalde, sagardotegietako postuen izenen karteltxoak zintzilikatzeko zutoinak, jaialdiari hasiera emango dioten oholtzak...
Jai egun handia badatorrela nabari da bai. Herria itxuraltzen hasia da.
Jai gunea, ibilgailuen joan etorririk gabekoa
Ohi bezala, 40. Sagardo Egunak frontoia eta Mikel Laboa, Askatasuna eta Dema plazak hartuko ditu, izatez ibilgailuen joan etorritik kanpo dauden zonaldeak dira. Aipatzeko aldaketarik ez beraz, tokiotan. Bai ordea, eremu hau inguratzen duten kaleetan.
Urtero moduan, Sagardo Eguna dela eta, Usurbilgo sarrera nagusia, Oxtapekoa itxi egingo dute aurten ere, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, goizeko 10:30etan hasi eta iluntzera arte. Honenbestez, gune honetatik Kale Nagusira sartzen diren autobusak N634 errepidetik segiko dute bere bidea San Inazioko geltokiraino. Aginagara, Hernanira nahiz Donostia alderako autobusak gune honetan geratuko dira.
Horrez gain, "kaxkoan, ohiko mozketak izango dira, oinezkoei lehentasuna emanez. Kotxeak ahalik eta gutxien hartzeko gomendatu du Udaltzaingoak".