40. Sagardo Eguna

Sagardoari gorazarre egiteko ekitaldi eskaintza zabala etzi

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 19a, 12:02

Goizetik gauera izango da zer ikusi, dastatu eta entzuteko aukera igandeko 40. Sagardo Egunean.

Sagardo Egunaren Lagunak
Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek prest dute iganderako egitaraua. "Maiatzak 21, igandea, goizeko 11.30tatik aurrera Usurbilgo plazan itxarongo zaituztegu", adierazi dute sare sozialen bidez.

Antolakuntzak hilabeteotan eginiko lanketaren ondotik, prest du hilabete honetako hirugarren igandean izango diren ospakizunen egitaraua. Baserriko zein sagardotegietako edariak dastatzeko aukera izango dugu aurten ere, sabela pozteko pintxo ederrak baita.

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeak egunotan kaleratu duen adierazpenak oroitarazi moduan, laguntza beharko dute egunean bertan antolaketa lanetarako. Goizeko 7:45ean plazan biltzeko deia egin dute, egoki jantzita, muntaketa lanetarako, eta segidan, dastaketak iraun artean egin beharko diren lan ezberdinetarako; sagardoa eta pintxoak sukaldatu eta zerbitzatu, edalontziak saldu... 

Haiekin guztiekin talde argazkia aterata hasiko dute eguna, irekiera ekitaldia egingo dute segidan. Sagardoa zerbitzatzen ari direnen arteko txapelketa ere iragarri dute antolatzaileek. Auzolanean jardungo duten lagun hauek guztiak bazkaritarako bilduko dira goizeko festa amaitu ostean. Bazkalostean segiko du jai giroak; "Matraka" elektrotxarangarekin.

Maiatzak 21, igandea

11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Irekiera. Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala. Botatzaileen lehiaketa ere izango da.
15:00 Botatzaileen bazkaria.
17:00-20:00 "Matraka" Elektrotxaranga kaleetan zehar.
Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.


Ernairen karpagunean:
40. Sagardo Eguneko jai guneetako bat Mikel Laboa plaza izango da. Bertan kokatuko du Usurbilgo Ernaik, ohi denez, hainbat hitzordu bilduko dituen karpa. Txozna izango du noski, herriko talogileen taldea ere lanean ariko da. Hainbat musika emanaldi ere arratsalde partetik aurrera. Besteak beste, adi, Rukula herriko musika taldeak disko berria aurkeztuko duela iragarri du gazte antolakundearen egitarauak. Oihan Agirretxe (bateria), Martxel Arkarazo (baxua), Aitor Pagola (kitarra) eta Jon Agiriano (kitarra) laukoteak “musika instrumentala jorratzen du”. Taldearen izena zeraman lehenengo diska 2016an plazaratu zuten, bi urte geroago bigarrena; “Hazi beltzak”. Lan berriena, “Traganarru” da.

Maiatzak 21, igandea

11:00 Txozna irekiera.
Talogileak goiz osoan zehar.
13:00 Euskal presoen eskubideen aldeko topa.
16:30 Hummus Sapiens.
20:00 Rukula: diska berriaren aurkezpena.
Jarraian, Dj Jotatxo.
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.


Indarkeria sexistarik gabeko gunea
Usurbilgo Udalaren eskariz, Emagin elkarteak postua jarriko du Mikel Laboa plazaren goiko aldean, Sagardo Egunez, maiatzaren 21ean, 18:00-23:00 artean. “Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen”.

"Emakumeak eta herritarrak orohar indarkeri sexistaz kontzientziatzeko helburuarekin jai eremuan kokatzen dugun informazio puntua dugu. Asmoa da emakumeek eta bereziki neska gazteek jaietan indarkeri sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea eta babes zein elkartasun gunea irudikatzea". Horrekin batera, "indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztu nahi ditugu. Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko gunea da, hala nola emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabetzen laguntzeko eta bitarteko eta lanabesak eskaintzeko".

Usurbilgo Udalaren eskariz egokituko duten gunean, “Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen”. 12 urtetik gorakoentzat izango da. Babes eta elkartasun gunea izango da, “indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentziazko leku izateko bokazioarekin. Guneak, horrez gain, erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasorik balego erantzuna izango duela ohartaraztea ere badu helburu”. 

Emakumeen ahalduntzean ere eragin nahi du. “Euren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarrita plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea”. Erronka hauei begira, “era askotako materiala eskainiko dute”.

Indarkeria Sexistarik Gabeko Gunearen helburuak
-Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaz kontzientziatzea.
- Emakumeek jaietan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea.
- Babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gunea sortzea.
- Erasotzaile izan daitezkeenei dena libre ez dela eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela
ohartaraztea.
- Emakumeek beren burua defendatzeko duten gaitasunaz jabearaztea eta, horretarako, bitarteko eta lan
tresnak eskaintzea.
- Maitasun erromantikoaren eredua zalantzan jarri eta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bultzatzea.