#M28

"Maiatzaren 28an irabaztera" deitu du Usurbilgo EHBilduk

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 19a, 21:12

Erdibidera heldu den hauteskunde kanpaina honetako ekitaldi nagusia egin du Usurbilgo EHBilduk ostiral arratsalde honetan frontoian.

Albiste honi atxikitako argazkiaren borobildu dute, herri honen jai egun seinalatuaren bezperatan, sagardoarekin "maite dugun Usurbilen aldeko topa" eginez. "Euskal Herri aske, euskaldun, feminista eta sozialistaren aldeko topa, eta euskal preso politiko guztiak behingoz etxeratzearen aldeko topa" eginez amaitu dute. "Aupa zuek eta 28an irabaztera!", animatu du EHBilduren alkategai Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Ekitaldia, herriko sortzaileek girotu dute. Adarra eta txalaparta emanaldiak egin du harrera lana. Frontoiko hitzorduan zehar, Ugaitz Agirrek Goreti Aranburuk idatzitako hitzak errezitatu artean, EHBilduren hautagai zerrendako kideek Aranburuk sortutako irudia bistaratzen aritu dira. "Egin irri, elkarrekin egingo dugu eta, horrenbeste maite dugun Usurbil", esanez amaitu du Agirrek.

EHBildutik gogorarazi dutenez, "maite dugun Usurbil, talde honekin batera egingo dugu, talde ezinhobea berriz ere irabazteko". Aurretik, amaitzear den 2019-23 legealdi honetan udal gobernuan egon den taldeak eginiko lana aitortu eta eskertu nahi izan dute. Haien aurpegi marraztuen oroigarri bana jaso dute.

Maddi eta Eleneren kontzertuak borobildu du saioa.

"Gure ortzimuga eta anbizio nagusia; Usurbil justuagoa, berdinzaleagoa eta kohesionatuagoa"
Aste hasieran Orion izandako erailketa gogoan hartuz hasi du hitzaldia EHBilduren egungo alkate eta datorren legealdirako alkategai Agurtzane Solaberrieta Mesak. "Hunkituta, doluan, asaldatuta, haserre" daudela adierazi eta aski dela esanez, "inoiz baino ozenago oihukatu nahi dut, gora borroka feminista!". Argi zioenez, alboko udalerrian jazotakoa, "egunero kolpatzen, iraintzen eta bigarren mailako herritar egiten gaituen sistema heteropatriarkal honen ernamuinean dagoen zapalkuntzaren eta pribilejioen ondorioa da". Eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo ditu, "eslogan eta lelo hutsalez haratago, politika publiko eta lidergotza feministak".

Oriokoarekin batera, Villabonako eraso homofoboa, "zirimiri gisan ari duen euskarafobia", gazteen prekarietatea edota hildako langileak, "Bidasoan hiltzen zaizkigun migratzaileak", herritartasunik gabeko herrikideak edota Osakidetzaren desegitea hartu digu gogoan.

Testuinguru honetan, "eskubide guztiak pertsona guztientzat" bermatzea beharrezko ikusten du alkategaiak, "bestela nekez eraikiko dugu herrian bizikidetza demokratikoa". Hortxe kokatu du "gure ortzimuga eta anbizio nagusia; Usurbil justuagoa, berdinzaleagoa eta kohesionatuagoa izango bagara". Desberdintasun sozialak "neurrigabe" areagotzen doazen honetan, arrakala sozialen "arrisku hori ere bada gure herrian", ohartarazi du. Horren aurrean, bizikidetza bultzatzeko orain arteko norabidean "politika publiko feministak" sustatzen segiko dutela iragarri du. Hor aipatu ditu, irekitzear duten Emakumeen Etxea, "Usurbil harrera herri izateko" landu duten protokoloa, etorri berrientzako euskalduntze programak (urritik aurrera adin txikikoentzako errefortzu programa abiaraziko dute ikastetxeekin lankidetzan), gizarte babeserako dirulaguntzak (larrialdi egoeratarako, alokairua ordaintzeko...).

Talde "herrigilea"
Hurrengo legealdirako 90 neurridun programa iragarri du Usurbilgo EHBilduk. Tartean, Usurbilen dauden ehun bat etxe huts merkaturatzeko diagnosia egitekoak dira. "Gu lokatz hauetan gabiltza, jendearen bizitzak hobetu ditzaketen politika publiko ausartak diseinatzen eta garatzen".

Aurrera begira, "konfiantza ereiten jarraitu behar dugu. Ziurgabetasuna nagusi den garaiotan jendeari ziurtasunak eskaini behar dizkiogu, eta horretarako badugu taldea". Bere esanetan, "herrigilea, ezagutzak, herritarrekiko gertutasunak definitzen duelako gure taldea. Esperientzia eta freskotasuna uztartzen dituelako. Gainera, ziurtatu dezaket benetan ilusio eta gogo handiz datozela zerrendakide berriak". Horrekin batera, "EHBilduk badu komunitate eder bat horren zerbitzura jarduteko, gaur plaza honek erakusten duen moduan".

"Esandakoa egiten dugu eta egindakoa esan"
Udal taldeek NOAUA!ri eskainitako elkarrizketak ahotan hartu ditu baita EHBilduren alkategaiak. Usurbilgo udal hauteskundeetara aurkezturiko lau alderdi alkategaietatik hiru "ez dira usurbildarrak, nahiz eta batek esan Usurbilera iritsi berria dela. Bitxia bada behinik behin, norberak atera ditzala ondorioak".

EAJ-ko hautagaiak eginiko hainbat adierazpen gezurtatu nahi izan ditu Solaberrietak. "Tren geltokia aukera galdua izan dela dio. Enteratu al da obrak martxan daudela? Txirikorda ez dugula konpondu, obrak amaituta eta etxeak esleituta. Ur bizien kanalak tramitazioan segitzen du. Haur Eskola aukera galdua omen, aurpegia behar da gero", zioen EHBilduren alkategaiak. 215.000 euro bideratuko dituzte gurasoek ordaindu beharreko Haur Eskolako kuoten %62a ordaintzera, "udal eskumena izan gabe", eskumena Jaurlaritzarena izanda. Ildo beretik kritikatu du baita EAJ-ren alkategaiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea "Diputazioari esker baino ez dela egin" adieraztea edota "atez atekoa kentzera" datozela iragarri izana. "Ba dei bat, kendu dezala behingoz benetan usurbildarren osasun eta ingurumena kaltetzen ari den Zubietako erraustegi kutsatzailea".

Inbertsioen egikaritze maila "oso oso baxua izan dela dio" EAJren alkategiak, Solaberrietaren esanetan. 5,8 milioi euro bideratu dituzte ordea inbertsioetara, gogorarazi duenez. "Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu okerragorik. Argi erakutsi dugu gure eguneroko ekintza eta emaitzekin, esandakoa egiten dugula eta egindakoa esan. Horregatik, maiatzaren 28an bete ditzagun hautetsontziak EHBilduren botopaperez. EHBilduren botoa feminista, antifaxista, ekologista, euskalduna eta euskaltzalea, aniztasuna eta ezkerreko botoa da. Boto errebeldea, askatasunaren botoa delako. Gora Usurbil eta gora EHBildu!", esanez amaitu du.

"Esku-eskura dugu herri hau ezkerretik eraikitzen jarraitzea"
Tolosako alkate ohi eta egun Eusko Legebiltzarrean EHBilduk duen ordezkari Ibai Iriartek ere hitza hartu du ekitaldi horretan. Gogorarazi duenez, maiatzaren 28an "esku-eskura dugu herri hau ezkerretik eraikitzen jarraitzea" eta erreferentzialtzat jo duen Usurbilgo "alternatibaren garapenean sakontzea". Eredugarriak iruditzen zaizkio udalerri honetako "hondakinen bilketa, zaintza sistema, turismo eredu alternatiboa, Txirikorda...". Horregatik guztiagatik zioenez, "28an guztion bozkak EHBildurena izan behar du, lanketa horrek indarrez aurrera jarrai dezan".

Bai Usurbilen eta baita Gipuzkoan ere. "Maddalen Iriarte Okiñena lehen emakumezko ahaldun nagusi bilakatzea esku-eskura dugu". Ezinbestekotzat jo du hala izatea, "fiskalitate progresibo bat garatzeko, ezinbestekoa eskualde garapena indartzeko, euskararen aurka dauden erasoen eta oldarkeriari aurre egin eta euskarari bultzada handi bat emateko, berrindustrializazio planak martxan jartzeko, zaintza eredu berritzaileak Gipuzkoa osora zabaltzeko".

Kanpainako lehen egunetako gertakariek argi utzi dute bere esanetan, EHBilduren etorkizunerako proiektuak "beldurra ematen die", besteak beste, koalizioaren egitasmoarekin "badakitelako gurekin herritarrek eskubideak irabazten dituztela, hobeto biziko direla eta horregatik erasotzen gaituzte", bere esanetan, aurrera begirako "proiekturik" ez dutenek.

"Garai berriekin lidertza berriak behar ditugu"
"Aldaketa garai bizi" honetan, aurrez aurre dauden "erronka kolosalei" aurre egiteko bi gako nagusietarako erantzuna du EHBilduk, Iriartek ziurtatu duenez. Batetik, "erantzun berriak behar ditugu. Erronka berriei erantzun berriak eman behar zaizkie. Hori egingarritzat jo du, "Euskal Herritik gizarte antolatu bat dugulako. Alternatiba horiek eraikitzeko gaitasuna daukagu, egin dezagun eta 28an eman diezaiogun bultzada horri guztiari".

Bigarrenik, bere esanetan, "garai berriekin lidertza berriak behar ditugu, partekatuak, irekiak, parte hartzaileak, behetik gora eraiki ahalko direnak eta feministak izango direnak". Horregatik, zioenez, "28an guztion bozka ezinbestekoa da eta guztion bozkak emango du aurrera pausoa askatasun eta justizia sozialaren bidean".