#M28

"Gazteok maiatzaren 28an EHBildu"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 20a, 19:51

"Gazteok maiatzaren 28an EHBildu". Iragarpen honen bueltan, datozen udal eta foru hauteskundeei begirako agerraldia egin dute Usurbilgo EHBilduren hautagai gazteenek, larunbat arratsalde honetan Mikel Laboa plazan.

 

Hamaika arrazoi aipatu dituzte hauteskundeotan parte hartzeko. Argudio nagusia, honakoa; "badugu zer esan, zer borrokatu eta zer eraiki, eta horregatik goaz ardura hauek hartzera", adierazi du Jon Mikel Azpiazuk.

Beharrezkoa ikusten dute erabakiak hartzen diren guneetan egotea. "Gazteok krisian, eta orohar, sistemaren ondorio latzak modu berezituan pairatzen ditugu eta bizitza politikoan dagozkigun eskubide eta beharrizanei erantzuteko eta jendartea eraldatzeko ezinbestekotzat dugu gazteok baita ere erakundeetan egotea, eta modu honetan, erabaki guneetan baita ere".

"EHBildu da gure proiektua"
Guneotan parte hartzeko argi dute, "EHBildu da gure proiektua, udalgintza ezkertiar eta eraldatzailean sinesten dugulako baina baita Euskal Herrira begirako proiektu askatzaile integralean ere. Datorren igandekoa hitzordu garrantzitsua izango dugu gazteontzat ere, bertan izango baitugu aukera hautetsontziak bozka independentistaz betetzeko, bai usurbildarrek eta baita gipuzkoarrek ere merezi dugun etorkizuna izan dezagun". 

Erakundeetan parte hartzeko beharra argudiatzearekin batera, EHBilduren aldeko hautua zergatik egiten duten ere azaldu nahi izan dute agerraldi honetan. "Gazteok EHBildu, gazte politika oso eta integral bat osatzeko aukera bakarra delako, gazteekin batera, gazteen emantzipazioa erraztu eta bizi proiektu burujabe eta bizigarriak izateko helburuz. Horren adibide garbia, Usurbilen EHBildutik ditugun etxebizitza politikak, hala nola, etxebizitza hutsen identifikazioa eta hauek merkaturatzeko plan bat, etxeak kaleratzeak saihesteko hartuko ditugun neurriak eta oraintxe martxan jarriko den Txirikorda proiektua". Herri feminista bat ere nahi dutela aldarrikatu dute "eta horretarako herritarrekin eta eragile feministekin elkarlanean gabiltza saretze eta proiektu ezberdinetan lanean eta horretan jarraituko dugu".

Horrez gain, EHBildurekin bat egin dute, "gazte mugimenduaren aniztasuna eta indarra babestu nahi dugulako. Usurbilgo gazteria bizirik eta piztuta dagoela argi daukagu, ez beste batzuk dioten moduan, itzalpean dagoela. Hori garbi daukagu eta bidelagun izango gara behar denerako".

Euskaraz biziko den herri bat nahi dutela ere gaineratu dute; "horretarako herriko kultur ekosistema zaindu eta bultzatzearen alde lan egingo dugulako, herritik sortua, herriarentzat eta munduarentzako gozagarri izango dena. Herritarren ahalduntzea bilatuko duen kultur ereduaren alde egingo dugu lan, eta bide honetan, elkargunea proiektua ere babestuko dugu eta proiektu hau gauzatzeko egin behar diren guztiak eta gehiago egiten saiatuko gara".

"Irabaztera goaz"
Bizi ohitura osasuntsuak eta "aisialdi eta kirol aukera anitz eta zabalena sustatzeko aukera bakarra da EHBildu agerraldian adierazi dutenez, "gazteok EHBildu ingurumena defendatu eta etorkizun osasuntsu baten aldeko neurriak hartu nahi ditugulako eta gazteok EHBildu Usurbildik Euskal Herria eraldatzen eta eraikitzen jarraitzeko urratsak eman nahi ditugulako". Hautagai gazteok iragarri dutenez, "lehen unetik jasotako babes hau bueltatzen saiatuko gara urte hauetan eta zuen alboan egongo garela garbi dugu. Eskerrik asko denoi eta irabaztera goaz".

Datorren bozketa egunari begira adierazi dutenez, "Euskal Herria independentista, sozialista, feminista, euskalduna eta ekologistaren bidean, gazteok maiatzaren 28an EHBildu".