40. Sagardo Eguna

Xabier Soroa Udabe omendu zuten atzoko Sagardo Egun jendetsuan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 22a, 10:39

Kalezartarrak izan zuen 40. Sagardo Egun hau abiatzeko ohorea. Urteetan antolaketa lanetan egin duen ekarpena aitortu zioten, ezustean.

Eman nahi zioten ezustekoa isilpean gordetzen ez zuten lan erraza, baina bikain egin zuten, azkenean ezustean harrapatu baitzuten. Gainerako boluntarioekin batera, auzolanean zebilen urtero moduan lerrootako eta irudiotako protagonista; Sagardo Egun honetarako prestaketa lan betean, goizeko 11:30ak heldu ziren arte. 

Berrogeigarren edizio borobil honi hasiera eman behar eta frontoira gerturatzeko esan ziotenean jaso zuen ezuste ederra. Sagardo Egunaren Lagunak urtero goraipatu eta omentzen ditu talde edo norbanakoak alor ezberdinetan eginiko ekarpenengatik. 

Aurtengoan, ordea, taldekide bat omentzea erabaki dute; Xabier Soroa Udabe, urte luzez Sagardo Egun honi begira egin duen lan itzelagatik. Oholtzara igo bezain laster, alboan zituen antolakuntza taldeko kideak nahiz lagunak. Haiek jarri zioten lepo bueltan zapia eta eman zioten bere irudia eta bi bertso daramatzan koadroa. Bertsoak Haritz Esnalek sortu eta abestu zizkion hasiera ekitaldi honetan. Xabierrek zerbitzatutako lehen tragoa edanez eman zion hasiera ofiziala 40. Sagardo Egun honi.

"Merezimendu osoz" jasotako omenaldia izan dela nabarmendu zuen ekitaldiko aurkezleak. Bertaraturikoen txalo zaparrada artean egin zioten harrera oholtzatik adierazi zuten moduan "herri mailan oso maitatua" izan eta urtebetetzea ospatu berri duen Soroari. "Hainbeste urte Sagardo Egunaren alde egin eta gero, omenaldi xume hau egitea, zer gutxiago". Halaxe da bai. Esnalen bertsoetako batek zioen moduan, "Sagardo Eguna ez da berdina, Xabier Soroa gabe". Zorionak!