#M28

EAJ-PNV: “Pertsona bakoitzaren nahi eta beharrei erantzuteko prest egon behar dugu”

Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 08:25

Usurbilgo EAJ-PNVren hautagaitzako kideak Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuarekin bildu ziren aurreko astean. Gizarte arloan datozen urteetan izango diren erronkak errepasatzeaz gain, adineko pertsonen zaintza eta arretaren inguruan ere jardun zuten.

 

“Hamar adinekoetatik zortzik euren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta hori hala izan dadin, etxean bertan jasotzen duten arretan sakondu beharra dago”, azpimarratu zuen bilera amaieran Xabier Otxoa EAJ-PNVren alkategaiak.

Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza estuan jardungo dutela hitzeman zuen Otxoak: “pertsona bakoitzaren nahi eta beharrei erantzuteko prest egon behar dugu, Gipuzkoako beste herrietan garatzen ari diren esperientzietatik ikasi eta Usurbil ere punta-puntan kokatzeko”.

 

Koordinazioan sakondu

Osasun eta udal zein foru gizarte sistemen arteko koordinazioan sakontzea beharrezkoa izango dela diote Usurbilgo EAJko kideek, “baita gizarte eragileengandik eta komunitatetik datozen ekimenekin harremanak indartzea ere”.

 

Kalitatezko zaintza bermatu

Horretaz gain, etxeko arreta eta egoitza berrien garapena uztartu behar direla uste du alderdi jeltzaleak. “Usurbilen Matia Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker eraiki duen egoitzak laster ateak irekiko baditu ere, asko dira euren etxeetan bizi diren adineko pertsonak, eta horiei guztiei kalitatezko zaintza bermatzea ezinbestekoa da. Konpromiso hori azaltzen diogu Usurbilgo herriari, zerbitzuak zabaldu, modernizatu eta gero eta irisgarriago egingo ditugu”, adierazi zuen Xabier Otxoa alkategaiak.