40. Sagardo Eguna

Iazkoa kolosala, aurtengoa kolosalagoa

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 21a, 14:50

Pozarren dira antolatzaileak, berrogeigarren Sagardo Egun honek izan duen harreragatik.

Sagardo Eguna euripean joango zen mehatxua hortxe zen, baina azken egunotako iragarpenarekin jazotakoa gertatu da igande honetan, maiatzaren 21ean ere. Ateri eutsi eta jaialdiari hasiera ofiziala eman ostean agertu da eguzkia ere. Lainotuta une batzuetan, gaierakoan eguzki printzen goxotasunean joan da 40. Sagardo Eguna. Ohiko moduan, jaigune ederrean bilakatu ditu herriko festa estimatuenak frontoia eta Askatasuna nahiz Dema plazak.

Giro ezin ederragoan joan da goiz eta eguerdi partea, eta jendetza batu da. Jendetza, bai herrikoa, baina baita bisitariak ere, eta ez dira gutxi izan gainera. Zehazki zenbatu ezin bada ere, nabaria izan da herritik kanpotik Usurbil bisitatu dutenen kopurua.

Lerrootan emandako datuokin, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoei urgentziazko lehen balantzeaz galdetu diegu eta pozarren argi erantzun diote NOAUA!ri. Iazko edizioa kolosala izan zela zioten, aurtengoa kolosalagoa!