40. Sagardo Eguna

Gaurko jaialdia, auzolan erraldoiaren emaitza

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 21a, 14:42

Sagardo Egunaren Lagunak taldeak eginiko deialdiari erantzunez, auzolanerako talde ederra batu da aurtengoan ere.

Irudiotan dituzue. Haiek gabe ez dago Sagardo Egunik eta aurtengoan ere, bistan denez, ez dute hutsik egin. Muntaketa lanekin batera, denetariko zereginetan aritu da herritar talde zabal bat goizean goizetik, Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideekin batera auzolanean; sagardoa zerbitzatzen, edalontziak saltzen, pintxoak sukaldatu eta banatzen, aurkezle lanetan...

Gehientsuenak, noski, bertako nahiz urrunagoko sagardoak herrikide nahiz bisitarien eskura dastagarri jartzen. Talde ederra batu dute aurtengoan ere. Goizeko hamaiketan Dema plazan atera duten argazkia horren adierazle argia izan da.

Baina gogoan izan; Sagardo Egunaren Lagunak taldeak deialdi bikoitza plazaratu zuen. Laguntzarako deia egina zuen gaurko, baina baita aurrera begirako ere. Errelebo beharrean dira Sagardo Egunaren Lagunak bilguneko kideak, baita gaurko egunez antolaketa lanetan diharduten herrikide gehiago ere. Berrogeigarren edizio borobil honen ondotik, 2024ra begirako erronka nagusietako bat zalantza izpirik gabe.