40. Sagardo Eguna

Matrikulazio epea irekitzear duen Zumartek musikatu du gaurko jaialdia

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 21a, 13:50

Musika eskolako trikitilari eta panderojoleek girotu dute 40. Sagardo Egun hau. Gogoan izan, astelehenetan honetan bertan irekiko du Zumartek 2023-24 ikasturterako aurrematrikulazio epea.

Usurbildarren jai egun nagusiari "soinu banda" jarri diote. Gogotik girotu dute aurreko urteen antzera 40. Sagardo Egun hau, Zumarte Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleen taldeak. Juan Tapia gidari zutela frontoian emanaldia eskaini dute, segidan egitekoak ziren kalejiraren aurretik. 

Gogoan izan, datorren ikasturterako matrikulazio epea astelehen honetan bertan, hilaren 22an irekiko du Zumarte Musika Eskolak. Maiatzaren 22tik 26ra eman ahalko da izena, irailean hasiko duten sasoi berrirako. Hemen xehetasun gehiago:

2023-24 ikasturterako matrikulazioa Zumarten
Eskaintza: Musika txokoa (4-7 urte), musika mintzaira, abesbatza, talde instrumentalak, kantu modernoa eta askotariko musika instrumentuetan (biolina, eskusoinua, flauta, gitarra, klarinetea, organoa, panderoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, trikitixa, tronpeta, tronboia, txistua) trebatzeko aukera.
Matrikulazio epea: maiatzak 22-26.
Presentzialki: asteartea eta osteguna (10:00-12:30 / 17:30-19:00).
Online: zumarte.eus
Prezioak: matrikula eta kuoten prezioak mantenduko dituzte. Hainbat hobari eskuratzeko aukera izango da:
-Familia ugarietan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio matrikulatuta dagoen ikasle gazteenari. Horretarako, familia ugariaren txartela ekarri beharko da bulegora.
-Unitate familiar bereko hiru senide edo gehiago matrikulatuta dauden kasuetan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio ikasle gazteenari. Ikasle gazteenak bixkiak izanez gero, ikasle bati bakarrik egingo zaio deskontua.
Ordainketa:
"Plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren, zuek adierazitako kontu korrontetik, ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikularengatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaizue ekaina bukaeran , %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran".
Oharrak:
-Instrumentua ikasten hasten direnen artean, tronboia, saxofoia, tronpeta, flauta, klarinetea edo biolina ikasten hasten direnei, nahi izanez gero eta ikasleentzat egokiak badira (tamaina e.a), Zumartek dituen instrumentuak urtebetez utziko zaizkie.
-Ikasle eta irakaslearekin behin-behineko ordutegiak bilera bidez adostuko dira.
– Matrikulazio data barruan matrikula eskaera egiten ez duen ikasleak bere plaza galduko du.
– Matrikula eskaera egin eta onartua izan ondoren kontu korrontetik kobratuko da dagokion tasa.
– Matrikula itzulketarik ez da egingo.
– Iraila 30etik aurrera baja emanez gero, ikasturte osoari dagozkion kuota guztiak ordaindu beharko dira.
– Urriaren 30etik aurrera ez da matrikula berririk onartu edo egingo.
– Epez kanpo eta urriak 30 arte egiten diren matrikulak beti ere irakaslego eta batzordearen oniritzia izan beharko dute.
– Ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen den ikasleari, matrikula osoa kobratuko zaio.
– Falta asko egiten duen ikasleak ez du hurrengo urteko plaza gordetzeko eskubiderik izango.
– Musika txokoa, musika mintzaira eta instrumentuko ikasle berrien kasuan, eskainitako plaza kopuru baino eskaera gehiago badago, plaza banaketari buruzko arautegia aplikatuko da.
Informazio gehiago, zumarte.eus atarian.

 
 
</div