Euskadiko autore-hanburgesa onenen artean, Otar Goxokoa

Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 11:37

Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa ospatu zuten atzo Tolosan. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Harakinen Elkarteek antolatu zuten ekitaldia. Bi kategoria bereiztu zituzten. Batean, hanburgesa tradizionala epaitzen zen eta bestean hanburgesa berritzailea. Azken honetan saritu zuten Otar-Goxo. Patxi Iparragirrek bigarren saria eskuratu zuen. Zorionak!

Tolosaldeko Atarian topatu dugu albistea. "Aurten, Tolosa laugarren aldiz bilakatu da okelaren erdigune, baina zenbait berrikuntzarekin tartean". Izan ere, goizean Euskadiko autore-hanburgesen I. Lehiaketa ospatu zuten Tolosako Zerkausian. 

Atarian irakurri dugunez, "hanburgesa tradizionaleko lehen saria Getxoko harategiko Haritza Gabiriak jaso du. Bigarren saria Donostian dagoen Bengoetxea harategiko Jose Ignacio Bengoetxearentzat izan da, eta hirugarrena, berriz, Erandioko Ondubai harategiko Jon Ander Zornotzak eraman du".

Hanburgesa berritzaileari dagokionez, Barakaldoko Ricardo harategiko David Vicok jaso  zuen lehenengo saria. Usurbilgo Otar Goxo harategiko Patxi Iparragirre sailkatu zen bigarren, eta Gasteizko Santi harategiko Agustin Fernandez hirugarren.

Lehiaketara gerturatu ziren herritarrek hanburgesak dastatzeko aukera ere izan zuten.