Sagardo Egunaren 40. edizioak “marka guztiak hautsi ditu”

Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 16:49

Sagardo Egunaren biharamunean, antolatzaileek ohar bat plazaratu dute sare sozialen bidez. Nekatuta baina pozik daudela ondorioztatu daiteke, lanerako boluntario ugari batu zirelako “eta herriko zein kanpoko jende mordoa” elkartu zelako 40. Sagardo Egunean.

Antolatzaileen oharra bere osotasunean jaso dugu. Honela dio:

“Gaurko hanketako eta buruko min guztien gainetik, 40. urteurrena 40 milioi esker emanez amaitu behar dugu.

Marka guztiak hautsiz joan den urteurrena izan da eta ‘filpatzen’ gaude oraindik.

Goizean goizetik 125 boluntariotik gora azaldu zineten Dema plazara, laguntzeko ilusioz eta energiaz beteta gainera, eta hori benetan, izugarria da, zoragarriak zarete.

Irekiera-ekitaldia hasi eta ordu erdira, baso grabatuak (ze edalontzi polita diseinatu digun aurtengoan ere Aritz Aranburuk, eskerrik asko bihotzez) ia agortzear zeuden, eta hori ere, benetan, izugarria da.

Herriko zen kanpoko jende mordoa elkartu zen, arratsaldean ere Matraka elektrotxarangaren lan bikainaz lagunduta  kale guztiak jendez josi genituen, eta hori ere, izugarria izan zen.

Zuek ez dakigu, baina gu behintzat, emozionatuta gaude atzoko eguna gogoratzean! Benetan eta bihotz-bihotzez barrutik zein kanpotik Sagardo Eguna bizitu zenuten guztioi, pintxoak larunbatean kozinatu zituztenei, banatu zituztenei, aurreko egunetan muntaian laguntzera etorri zinetenoi, igandeko boluntario guztiei, edalontziak saldu eta banatu zenituztenoi eta batez ere, plazara gerturatu zineten guzti-guztiei, eskerrik asko!”.