Legealdiko azken osoko bilkura etzi, eraberrituriko udalbatza aretoan

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 23a, 09:43

Agurren osoko bilkura ostegun honetan, azken asteotan eraberritze lanak egin dituzten udalbatza aretoan.

Akabo, 2019-23 legealdiak bereak egin du. Azken txanpan murgildua den hauteskunde kanpainaren ondotik igandean izango ditugun hauteskundeetako emaitzetatik osatuko da hurrengo lau urteotarako udalbatza berria. Ekainaren 17an izango da kargu hartze ekitaldia.

Ostegun honetarako, maiatzaren 25erako deitua dagoena, beraz, legealdi honetako azken osoko bilkura izango da. Bi berezitasun izango ditu etziko hitzorduak; batetik, azken saioa izango da udal ordezkari batentzat baino gehiagorentzat. Bestetik, espazio eraberritua estreinatuko dute 2019an abiarazitako ziklo honen amaieran; azken asteotan, eraberritzen aritu dira udalbatza aretoa.

Ohi bezala, ordea, hainbat erabaki bozkatzeko tartea izango da osteguneko osoko bilkura. Udal ordezkariek ahotan hartuko dituzten gaien zerrenda helarazi du Udalak. Honako hau:

Osoko bilkura
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- Aurreko bilkuretako akten onespena.
1.1.- 2023ko martxoaren 30eko bilkurako akta.
1.2.- 2023ko apirilaren 27ko bilkurako akta.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2023ko apirilaren 24tik maiatzaren 19ra (2023/400-2023/506).
3.- Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren eta Usurbileko Udalaren artean zerga informazioa elkar trukatzeko esparru hitzarmenera atxikitzea.
4.- 8. Ordenantza Fiskala, Zerbitzuak eskaini edo udal jarduerak burutzeagatiko prezio publikoak arautzen dituen eranskineko C atala aldatzea.
5.- 5. Ordenantza Fiskala, Hirilurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga arautzen duen 7.artikulua aldatzea.
6.- Udal Arautegi Organikoaren aldaketa (II. Eranskina. Kide anitzeko organoen funtzionamendu elektronikoa) (Esp.: 2023IDOR0006).
7.- Igor Gorritiri Artzabal jubilatu egoitzako tabernaren kudeaketa zerbitzua emateko kontratuaren 2. luzapena egitea eta kontratistaren ondorengotzea.
8.- HAASetako A-59 (Ugartondo) Eremuko EQ.01 partzelako zuzkidura-ekipamendua gauzatzeko Udala eta eremuko Hitzarmen-batzarraren arteko hitzarmena onartzea.
9.- Galdera eta eskaerak.