Usurbilgo jaiak

Jaietarako egitarauaren diseinu lana aurkeztu eta txupinazorako hautagaiak proposatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 23a, 08:09

Astearte hau, maiatzaren 23a duzue Usurbilgo jaiei hasiera emateko hautagaiak proposatu eta festen berri emango digun egitarauaren diseinuaren lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna.

Jaiei hasiera emateko ohorea
Ekainaren 29tik uztailaren 3ra ospatuko diren herriko festei hasiera nork emango dien proposatzeko aukera duzue. Txupinazoa pizteko ohorea izango duen herrikide edo herritarrak nortzuk izan erabaki dezakezue. Ekarpenak ohi bezala, udaletxean, Potxoenean, Sutegin eta Oiardo Kiroldegian egokituko dituzten kutxetan egin ahalko dira. Nork eta zergatik eman beharko liokeen jaiei hasiera, horixe zehaztu beharko duzue deialdi honetan parte hartu nahi duzuenok. Maiatzaren 23ra arte izango duzue horretarako aukera.

Egitaraua diseinatzeko lehiaketa
Datozen herriko festen berri emango digun egitaraua diseinatzeko lehiaketa ere iragarri du Jai Batzordeak. Maiatzaren 23ra arteko epea izango dute interesdunek txapelketa honetara lanak aurkezteko. Diseinu lanari dagokionez, ohi bezala, lehenbizi Potxoenean egitarauko testua eskuratu beharko da edo bestela kultura@usurbil.eus helbidean galdegin.

Testu horretan oinarritu beharko da eta sortze lana, euskaraz, neurri librean. Udalaren logoa erantsi beharko zaio. Lanak paperean eta euskarri digitalean (CD edo pendrive batean, PDF formatuan) aurkeztu beharko dira, bi gutunazaletan. Bietan egilearen izengoitia, A edo B gutunazala den eta "Santixabel egitarauaren lehiaketa" adierazi beharko da. "Izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da".

A gutunazalean, "aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu". B gutunazalean, "proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean".

Nahi adina sortze lan aurkeztu daitezke, norbanako gisa, edo taldean eta "taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun". Modu batean edo bestean ordea, lanek aurrez argitaratu gabeak eta originalak izan beharko dute. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da".

Epaimahaiak izango du azken hitza. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzia handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari". Txapeldunak 500 euroko saria irabaziko du eta bere sortze lana etxe guztietara heltzeko aukera.

Informazio gehiagorako, deitu 943 377 199 telefono zenbakira edo kultura@usurbil.eus helbidera idatzi.